Senpereko Zaldubi ikastola: 51 urte Senperen euskaraz irakasten

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 22a, 10:00
Amets Lahetjuzan, Pantxika Fagoaga, Henri Duahu, Nahia Lahetjuzan eta Mixel Lahetjuzan Zaldubi ikastolaren kanpoaldean bestako afixak eskuan.

1971ko irailaren 20an sortu zen Senpereko Zaldubi ikastola. 50 urte bete zituen iaz, baina, gaur, urriaren 22a, eginen dute urtebetetze besta. Ikastolaren hastapenez, egindako bideaz eta etorkizunaz mintzatu dira ikastolarekin harremana izan duten bortz lagun

Urtebetetze borobila bete zuen iaz Senpereko Zaldubi ikastolak. 50 urte, mende erdia  euskara eta euskaraz Senperen irakasten. Ospakizunak, ordea, aurtengo utzi dituzte, eta 51.en urtebetetzean ari dira 50 urteak ospatzen. Urriaren 22an eginen dute besta haundia, egun osoko egitarauarekin. Urteurrena aitzakia hartuta, TTIPI-TTAPAk ikastolak 51 urtetan izandako bilakaera kontatzeko elkartu ditu Henri Duhau ikastolako sortzaile, lehendakari eta buraso ohia, Mixel Lahetjuzan ikastolako buraso eta lehendakari ohia, Nahia eta Amets Lahetjuzan ikasle ohi eta  gaur egungo burasoak eta Pantxika Fagoaga burasoa. 51 urte hauetan egindako bideaz, eta oraindik egitekoa dutenaz mintzatu dira, irribarretsu batzuetan, serioago bertzeetan.

1971ko irailaren 20an sortu zen Senpereko Ikastola

Ikastolaren sortzea nolakoa izan zen kontatuz hasi da solasaldia. Duhau hasi da solasean: «Hiru hilabetez prestatu genuen ikastolaren irekitzea, ekainean edo hasi ginen mintzatzen. Nik berantago ireki nahi nuen nire semeak oraino ez baitzituen 2 urte eginak». Azkenean, ordea, urte hartan berean, 1971n ireki zuten: «Bertze ikastolak ikusten izana nintzen Arrangoitzen, eta segur nintzen ikastola behar genuela egin Senperen.  Baina nola? Bildu ginen buraso andanatxo bat, eta tokia behar zen lehenik atzeman. Sukalde bat utzi ziguten, eta zazpi haurretara heldu ginen. Irailaren 20an irekitzea lortu genuen. Gure semeak irailaren 19an egin zituen 2 urte, eta irailaren 20an hasi ginen. Hura zen gazteena». Hasi eta berehala, jendea engaiatu zela oroitzen da Duhau: «Abenduan berean egin genuen lehenengo afaria eta ezin sinetsia da, 100 pertsona bildu ginen kasik». 

Ikastolako irakasle Delfine Dupant irakaslearekin 1973an. Irudia: Henri Duhau.

Ikastolaren hastapena «zaila» izan zela du gogoan Duhauk, ez ordea, «bertze herri batzuetan bezain zaila». Horren gibelean Senperen ikastola sortu aitzinetik «aitzindari euskaltzaleak» egon izanak garrantzia ukan zuela uste du. Garai hartan  zuten borondatea ere oroitu du: «Gure borondatea mugagabea zen, inork ez gintuen geldiaraziko. Izugarri atxikitzen genuen elkar».  Hasiera hain zaila izan ez bazen ere, bidean «zernahi» sufritu dutela dio Duhauk, batez ere lehen urteetan izandako estigmagatik. 

Ikastolara «dudarik gabe»

Berantago sartu zen ikastolan Mixel Lahetjuzan, eta bere kasuan ez zuen dudarik izan alabak ikastolara bidaltzeko. «Hastapenetik hasi nintzen laguntzen, eta niretzat naturala zen ikastolara bidaltzen haurrak. Ez zen dudarik, ikastolara joan behar zuten, eta kito», kontatu du.  «Kanpora begira, jende batzuek lotura egiten zuten ikastola eta borroka armatuaren artean. Horrek pisua bazuen, segur. Baina, pixkanaka-pixkanaka, urtero kopuruak emendatzen ziren, eta ehun baino gehiago dira orain», dio Lahetjuzanek. 

Gaur egun 120 ikasle baino gehiagok ikasten dute Zaldubin

Hasieran ama ikastola zena, lehen mailako ikastola bilakatu zen 80 urteetan, eta bertan ikasi zuten Amets eta Nahia Lahetjuzanek, Mixelen alabek. Garai horietako oroitzapen polita dute. Ametsek kontatu du: «Ikastola herriko etxean zegoen, eta buruan dut gela bakarrean egoten ginela lehen maila osoa. Talde ttipiak ziren oraingoekin alderatuta». Bereziki ikastolan burasoek zuten inplikazioa du gogoan: «Gurasoak oroitzen ditut taloak saltzen, herriko bestetan lanetan, botilak garbitzen, besta ondotik diru kutxa zenbatzen…». Inplikazio hori ikastolan ikasi dutela kontatu du: «Euskaraz bizitzen eta euskaraz ikasteaz gain elkarte engaiamendua eta militantzia ikastolan ikasi dugu burasoak nola engaiatzen ziren ikusiz», azaldu du. 

Hasierako irakasle bakarretik egun 11 irakasle izatera pasa da ikastola, eta zazpi ikasle izatetik 120 baino gehiagora. Bidean, aunitz aldatu da bai ikastola bera, eta baita Seaskak ukandako zailtasunak ere. «Orain laguntzak baditu Seaskak, eta sentitzen da ez dela eroriko», dio Duhauk. «Beharrezkoak dira laguntzak, baina, jendea lokartzen da», hausnartu du. Ikastolaren emendatzeak, burasoen inplikazioan ere eragina duela uste du Nahia Lahetjuzanek: «Taldeak gero eta handiagoak izan beti izanen dira engaiamendu desberdinak. Gero eta gehiago izatean arriskua horretan izaten ahal da». 

Kolegio berria Senperen

Heldu den urteetarako erronka garrantzitsua dute esku artean: Seaskako 5. kolegioa Senperen eraikitzea. Proiektua onartua dago jadanik,  eta heldu den urteetan eraikitzea da asmoa. Ikastolarentzat «erronka handia eta beharrezkoa» dela azaldu du Fagoagak, izan ere gaur egun Zaldubiko bidea bukatuta osoki euskaraz ikasi nahi dutenek Ziburuko edo Kanboko kolegiora joan behar dute, egunero joateko eta itzultzeko oren bateko bidaia eginez. Burasoek,  ikasketekin segitzeko seme-alabek kanpora joan edo Senperen gelditzeko erabakia hartu behar izaten dute orduan. «Herrian, gainera, bada kolegio elebidun bat euskaraz maila polita duena, eta buraso batzuentzat gaur egun errazagoa da lerratzea, eta Arretxera ikastera joatea», kontatu du Nahia Lahetjuzanek. Kolegioa herrian izanik, ikasle gehiagok osoki euskaraz ikasten segitzeko erabakia hartuko dutela uste dute. 

Euskararen erabilpena areagotzea da erronka 

Kolegio berria ezartzeaz gain, badute bertze erronkarik Zaldubin: euskararen erabilpena areagotzea. Alta, hori Senpereko arazoa eta «Euskal Herrikoa» da Nahia Lahetjuzanen hitzetan: «Ikastea ontsa da baina ez bada erabiltzen ikasteak ez du zentzurik. Aire hartzean frantsesez ari dira, kanpoan entzuten duten bezala, buraso gehienok ere frantsesera ainitz lerratzen baikara», azaldu du. 

Ikasleen profila ainitz aldatu da ikastolan, eta horrek ere euskararen mailan eragina duela azaldu du: «Haur batzuen ama hizkuntza da euskara eta euskaldun heldu dira ikastolara, eta  bertze batzuk batere jakin gabe. Lehen bortz euskaldun eta frantsesez  mintzo zen bat ziren, eta orain, aldiz alderantziz. Ikastoletan kopuruak emendatzea ontsa da, baina, behar da segurtatu euskararen kalitatea eta erabilpena». Horrekin ados delarik ere, bertze puntu bat gehitu du Duhauk: «Ikastolan irakasten den euskara literariora da, ez euskara mintzatua, hori etxean ikasten da». 

Ikastolaren urtebetetzea

Egindako hori ospatzeko eta etorkizunerako indarra hartzeko parada izanen dute gaur  ikastolako burasoek, ikasleek, eta irakasleek, baina, baita ikastolatik igarotako guztiek ere. «Egun biziki goxoa izatea espero dugu», kontatu du Fagoagak.  Horretarako, eguna aperitifarekin hasiko dute 12:00etan eta ikastolak haurrek Pantxoa Carrerekin batera ariko dira kantuan. 13:00etan zikiroa izanen dute, eta arratsaldean haurrentzako jokoak eta puzgarriak izanen dira. 17:00etan Saltoka mutxikoak izanen dira, eta 19:00etan hasita taloak eta  Basapiztiak eta Kaxkatu taldea, eta DJ Bullek alaituko dute besta. Sartzea eta joan etorriko taxia urririk izanen dira. 

Zaldubiko ikasleetako batzuk aurtengo ikasturtean. Irudia: Pantxika Fagoaga.

Mende erdian egindako bidea laburbildu du Mixel Lahejuzanek. «Ez da sekula aski egina izanen, baina pixkanaka-pixkanaka bere tokia izan du ikastolak beti herrian. Hobekiago dira gauzak, baina, bada egitekoa oraino, ez gara guk nahi dugun neurrira arribatuak». 

Eta nahi duten leku horretara arribatzeko lanean segituko dute auzolanean, euskara zabaltzen eta euskaraz irakasten, euskarak berak eta Zaldubi ikastolak Senperen presentzia handiagoa izan dezan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun