Senpereko Zaldubi ikastolaren 50. urteurreneko ospakizuna eginen dute urriaren 22an

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 20a, 12:00
Amets Lahethuzan ikasle ohi eta burasoa, Pantxika Fagoaga burasoa, Henr Duhau ikastolako sortzaile, lehendakari eta buraso ohia, Nahia Lahetjuzan ikasle ohi eta burasoa eta Mixel Lahetjuzan buraso eta lehendakari ohia, ikastolan.

Larunbaterako hainbat ekitaldi prestatu dituzte, tartean bazkaria, jokoak, dantzak eta kontzertuak

Senpereko Zaldubi ikastolaren 50. urteurreneko ospakizunak errugbi zelaian iraganen dira, urriaren 22an, egitarau zabalarekin. 

12:00etan Zintzur-bustitzea ikastolako haurrek animaturik Pantxoa Carrere abeslariarekin. 13:00etan Bazkaria Senpereko kantariek animatua, helduendako sartzea, zikiroa, gasna eta deserta (25 euro). Haurren menua: lukainka, patata prexituak eta deserta (10 euro). Egun osoan puzgarriak eta bertze jokoak izanen dira haurren jostatzeko. 17:00etan Saltoka (dantzak). 19:00etan Kontzertuak urririk: Basapiztiak, Kaxkatu eta DJ Bull. Kontzerturako sartzeak ez ezik, joan-etorriak taxian ere urririk izanen dira. Taloak salgai izanen dira eta, aukera baliatuz, mende erdi bateko oroitzapen aunitz aipatuko dituzte elgarren artean.

 

Berez 51 urte

1971ko irailaren 20an sortu zen Zaldubi ikastola eta joan den urtean ospatu ezinik, aurten eginen dute mende erdiaren ospakizuna. Gaur egun 120 ikasle baino gehiago ditu eta Seaskaren bosgarren kolegioa Senperen eraikitzea dute hurrengo erronka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun