Senpereko bortz zinegotzik dimisioa eman dute

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 11a, 09:00

Senpere Bai taldek bortz zinegotzik dimisioa eman dute berriki.

Senpereko Herriko Etxea kudeatzen duen Dominique Idiart auzapezak bere gehiengoaren bost kontseilari galdu ditu berriki. Senpere Bai talde abertzalearen sostenguari esker berreskuratu zuen Idiartek Senpereko alkatetza 2020ko hauteskundeetan. Iragan hilabetean Paxkal Irubetagoiena Haur eta Hezkuntza alorreko zinegotziak dimisioa eman zuen eta urriaren 6an, Celine Munduteiy, Christine Perugorria, Pierre Faliere eta Nathalie Pourteau Zamora zinegotziek dimisioa eman zuten.

2020ko udal hauteskundeetan Dominique Idiart egungo auzapezaren zerrendan aurkeztu ziren joan den ortzegunera arte Senpereko gehiengoko hautetsiak ziren bortz zinegotziak.

Herri kontseilariek gutunean deitoratu dutenez, herriko kontseiluan hautetsi guziek ez dute berdin proiektuen gogoetan eta eraikuntzan parte hartzen ahal. Haien erranetan, zirkulu hertsian hartzen dira erabakiak eta horrek zeharo gaiztotu du lan giroa. Hainbat egitasmo ez direlako bete eta hauteskunde programan aurreikusitako oinarrizko azpiegituren obratzea urtetan gibelatuko delako kexu azaldu dira.

Auzapezak egoera bideratzeko neurriak hartuak zirela azaldu du. Egitasmoak aitzinera eramatea zaila dela erakunde sisteman eta horrek etsipena sor dezakeela aitortu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun