Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketak arrakastatsuak izan dira

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 10a, 11:00
Igandean egin zen Urdazubiko maratoi erdiko podiumean, gizonezkoak eta emakumezkoak.

Larunbateko Gaueko Lanak lasterketan Jokin Arretxe eta Rebeca Mariño nagusitu ziren eta igandeko maratoi erdian Alvaro Ramos eta Naiara Irigoien; Nafarroako klub arteko txapelketan, berriz, gizonezkoetan Hiru Herri eta emakumezkoetan A4’xKm taldeak izan dira txapeldun.

Urdazubiko Kontrabandisten gaueko lanak izeneko lasterketaren bertze edizio bat egin zen Urdazubin larunbatean. Partehartzaile andana izan ziren 9,5 kilometroko ibilbidean. Gizonezkoetan Jokin Arretxe izan zen irabazlea (51.52), Hodei Lujanbio goizuetarra bigarren (54.17) eta Yelko Pardiñas hirugarren (54.37). Xuban Eugi elizondarra laugarren izan zen (55.40). Emakumezkoetan, berriz, Rebeca Mariño izan zen garaile (1-04.59), Larraitz Etxebeste bigarren (1.07.30) eta Nuria Mendivi hirugarren (1.07.56). Manttaleko Jone Zelaieta beratarra bosgarren izan zen (1.14.30). Urdazubikoen artean hainbat parte hartzaile animatu ziren lasterketara. Horien artean lehena, Mikel Cenoz izan zen.

Urdazubiko Gaueko Lanak lasterketako podiuma, larunbat arratsean.

Hurrengo egunean, igandearekin, maratoi erdia egin zen. 21,5 kilometroko ibilbidean garailea A4’xKM taldeko Alvaro Ramos izan zen gizonezkoetan (1.49.35). Jesus Mari Alegria taldekidek eta Hiru Herri taldeko Imanol Kañamaresek hurbiletik segitu zioten. Emakumeetan, A4’xKm taldeko Naiara Irigoien izan zen garaile (2.06.10) eta Maria Irigoien de Mendizabal taldekideak (2.19.31) eta Aldin taldeko Larraitz Etxebestek (2.31.17) osatu zuten podiuma.

Aurten, Nafarroako kluben arteko mendi txapelketa ere erabaki da proba honetan. Gizonezkoetan Hiru Herri taldea suertatu da garaile, A4’xKm eta Txantrea Trail taldeen aitzinetik. Emakumezkoetan, A4’xKm izan da garaile, Txurregiren aitzinetik.

Honetaz gain, nahiz eta podiumera ez igo, lasterketan zehar hartutako xingarra eraman zuen Beñat Albisu Beintza-Labaiengo gazteak. Hiru kilometroz bizkarrean eraman ondoren, etxean gustura dastatzeko aukera izanen du.

Hainbat herritarrek lagundu dute Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketaren antolaketan. Argazkia: Pierre Ezkurra

Aipatzekoa da Urdazubiko herritar guziek lasterketa hau gauzatu ahal izateko egin zuten elkarlana ere, bideak garbitzen, markatzen eta egun berean ere hainbat postu betetzen izan baitziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun