Iruritan ospatuko da aurten Urdazubi, Zugarramurdi eta Baztango Eskola ttikien besta bihar eta egun osoko egitaraua prestatu dute eskolek eta Iruritako Guraso Elkarteak.
10:00etan harrera ekitaldia eginen dute herriko plazan eta 10:30ean ibilaldia abiatuko dute. Bi ibilbide izanen dira; lehenbizikoa motzagoa, karrotxoendako egokia eta bigarrena 7,5 kilometrokoa, mendian barna. Bi ibilbideen elkargunean hamaiketakoa eginen dute, eta bertan Ainara Unanua ipuin kontalariaren istorioak aditzeko eta aurpegiak apaintzeko aukera izanen dute.
14:00etan Erreboteko plazan elkartuko dira, norberak etxetik ekarritako bazkaria jateko. Kafea eta kopa Iruritako Herriaren kontura izanen dira eta edariak eta postreak salgai egonen dira. Norberak bere edalontzi eta platerak eraman beharko ditu. Arratsaldean haurrendako puzgarriak eta jokoak izanen dira, baita zaldian ibiltzeko aukera ere 15:30etik 18:30era. Gainera, dantzaldia izanen dute Bizphiru Pelau taldearen eskutik. Honez gain, ostatua irekita egonen da eta sotopilak jateko aukera izanen da.