ERRUGBIA

Sarako Izarra errugbiko mutilen taldeak denboraldiko lehen partida etxean jokatuko du

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 7a, 10:00

Sarako basurdeak buruilean Nafarroa taldearen kontra jokatutako prestakuntza partidan.

Bazkide izateko kanpaina ere abiatu dute 50. urteurrenean

Joan den urtean txapeldun suertatu ondotik, berriz ere euskal ligako lehen mailan ariko da aurten Sarako Izarra errugbi taldea eta urriaren 8an, larunbatean 16:00etan jokatuko du Animainean denboraldiko estreinako partida, Donostiako Atletico San Sebastian taldearen kontra.

Berez, joan den asteburuan hasi zen liga, baina saratarrek atseden izan zuten. Atletico San Sebastian taldeak, aldiz, 41-0 irabazi zion Zornotzari eta sasoiko dagoela dirudi. Ez dute partida erraza izanen saratarrek.

Aipatzekoa da euskal ligako lehen mailan ari dela BRT Menditarrak taldea ere, baina bertze multzoan eta beraz, lehen fasean bederen, ez da saratarren eta baztandarren arteko derbirik izanen.

Sarako Izarrako neskak ere euskal ligako bigarren mailan lehian hasiko dira lehen aldiz. Etxeko lehen partida urriaren 15ean jokatuko dute, Errioxako Rugby Rioja taldearen kontra.

Bazkide kanpaina

50 urte bete dituen honetan bazkide egiteko kanpaina ere abiatu dute, Sarako Izarra sustengatzeko. Bazkide txartelak 10 eurotan Kafia ostatuan, Herriko Etxeko Edantegian eta errugbi zelaian eskura daitezke eta horren truke, bazkide txartela pertsonala, whatsapp bidez klubeko berriak etengabean eta emaitzak kasik zuzenean, izena bazkideen paretaren gainean eta oparia izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun