Xendarineko Ahizpek Udazkeneko Baserriko Uzta girotuko dute urriaren 8an Ibarlan

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 9a, 09:00
Ibarlako Oihanartiako Jean-Marie eta Mirentxu. Etxaldean hartuko duten Udazkeneko Baserriko Uzta ekimena urriaren 8an.

EHKOlektiboak kulturaren bitartez agroekologian oinarritzen diren etxaldeak eta herritarrak batzeko helburuarekin antolatutako ekimena da

Nafarroa Behereko Ibarlako Oihanartia etxaldeak Jauregia etxaldearen txanda hartuko du Udazkeneko Baserriko Uzta ekimenaren ospakizunean. Urriaren 8an Oihanartiako Jean-Marie eta Mirentxu beraien etxaldeko ateak parez-pare irekiko dituzte: «Beste egitasmo batzuk antolatu ditugu etxaldean, Etxaldez-etxalde esaterako, eta badakigu zer den jendea etxean jasotzea», aitortzen du etxaldean sortutako Jean-Mariek.


Oihanartian betidanik haragirako behiak eta ardiak izan dituzte, baina 2008an produkzio ekologikora pasatzeko erabakia hartu zuten eta txerriak hazten ere hasi ziren: «Biharko Lurraren Elkarteak (BLEk) eskainitako formakuntza batzuk egin eta besteen esperientziak ikusi ondoren poliki hasi ginen gauza kimikoak uzten, konposta geroz eta hobeago erabiltzen, etab.». Orain behikiak, txerrikiak (kontserban ere) eta ardi-esne eta gasna, dena ekologikoan, saltzen dituzte etxaldean bertan duten saltokian, Hego Euskal Herrialdeko azoka ekologiko batzuetan eta Sarako azokan.

Ekitaldia goizeko 10:30ean abiatuko da ongi etorria eta etxaldearen bisitarekin: ukuilu, gasnategi eta txerritegia. Xendarineko Ahizpak, bikote urepeldarrak, kantu tradizionalez girotuko dute hitzordua 12:30etik aitzinera. Gero bazkaria eginen dute EHKOlektiboko kideen baserrietako elikagaiekin osatuta. Baserriko Udazkeneko Uztan parte hartzeko 30 euro ordaindu beharko dira, etxaldeko bisita, kontzertua eta bazkaria barne. Aitzinetik izena eman beharko da www.ehkolektiboa.eus webgunean, tokia mugatua baita.

 

Zer da Baserriko Uzta?

Baserria, laborantza ekologikoa eta musika uztartzen dituen ekimena da. Urtaro bakoitzean, EHKO etxalde baten ateak eta musikari baten doinu kutxa dituzte. Hala, bien bizibidea, nola, egunerokoa ezagutzeaz gain, beraien uztaz gozatzeko. Udaberriko Uztan, erraterako, Berako Petti abeslaria izan zen protagonista Anizko Jauregian.

Baserriko Uzta, EHKOkolektiboaren eta Paperezko Kontzertuen elkarlanetik sortu zen 2017ko udazkenean. «Azken batean, proiektua ezinegon berberek batu gintuztelako sortu zen: euskal kultura bultzatzeko gogoak, elkartzeko gogoak eta komunitatea indartzeko gogoak».

2017ko udazkenekoa izan zen jasotzen lehen uzta, oparoa arras, Antzuolako Pikunietan eta Anariren parte hartzearekin, Gipuzkoan. Eta geroztik Euskal Herriko txoko ugari bisitatu dituzte: Urduña, Arbona, Oibar, Anuzita, Pagola, Eibar eta Aniz. Lurraldetasuna, ekoizpen arloaren txandaketak eta musikarien estilo eta generoaren aniztasuna balore garrantzitsuak dira ekimena osatzeko.

 

Esperientzia

Goiz bateko esperientzia da Baserriko Uzta ekimena. Bakarrik, lagunekin, zein, familiarekin egiteko esperientzia eder bat. Hiru zatitan banatua.

  1. Baserriari bisita: Baserritarrak bere burua aurkeztu eta etxaldea erakutsiko du, bere ogibidea azaldu eta ekoizten dituen produktuak -uzta- erakutsiz, zein, dastatuz, hamaiketakoa
  2. Ibilbideak akabera izanen du kontzertua eginen den espazioan.
  3. Azkenik, tokiko lehengai ekologikoekin egindako otorduaz gozatuko da

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun