Xareta osoa oholtza berean elkartu duen pastorala

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 10a, 08:00

'Maddiren trajeria' pastorala emanen dute urriaren 15ean eta 16ean Zugarramurdin eta Saran 22an eta 23an. Iazko urrian hasi ziren proiektuarekin, urtebeteko lanaren ondotik etorriko da emaitza. Denera Xaretako ehun pertsonak baino gehiagok hartuko dute parte pastoralean

Oreina bilakatzen den Maddiren istorioa. Horixe da Zugarramurdiko, Urdazubiko, Ainhoako eta Sarako herritarrek Maddiren Trajeria pastoralean emanen duten kontakizuna. Lau herri horiek elkartu, eta Zuberoan hain ezaguna den antzerki moldean, pastoralean emanen dute. 

Eskualdean eginen den bigarren pastorala izanen da Xaretakoa. Etxalarren egin zuten lehenengoa 2017an, eta kasu horretan, espresuki Etxalarrekin harremana zuen  historia bat zen muina, Karmen Etxalarkoaren bizitza edo kontakizuna. Oraingoan, ordea, Europako literatura tradizionaletik hartutako kontakizuna da emanen dutena, eta beraz, ez da bereziki Xaretarako prestatua, edo espresuki bertarako sortua. Errejenta edo zuzendaria eta idazlea aitzineko berberak ditu: Pantxika Urruti zuberotarra eta Gerardo Mungia iruindarra. Horiekin batera, Patrick Calvet da musikarien arduraduna, Marilys Daguerre kantoreen eramailea eta Allende Izal dantzen eramailea, eta Garbiñe Azpitarte laguntzailea. 

Pastoraleko parte hartzaileak Urdazubin egindako mustraka orokorrean. 

Jabier Yabenek hala proposatuta ailegatu da Xaretara pastorala. «Jabierrek bazekien nik pastoral hau idatzi nuela, eta erran zidan Zugarramurdin egitea proposatzeko», azaldu du Gerardo Mungia pastoralaren idazleak. Erran eta egin. Zugarramurdin proposatu eta hauek baiezkoa eman zuten, baldintza batekin, ordea: «Agertu zirelarik ikusten genuen pastoral bat sekulako lana izanen zela, eta Zugarramurdin jende guti ginela. Horregatik, hasieratik argi ikusi genuen Xareta mailara zabaltzea», azaldu du Helena Xurio pastoraleko parte hartzaileak. Beraz, lau herrietako herritarrak ari dira lanean, eta baita Xaretatik kanpoko bakanen bat ere. 

«Ohiko moldeko pastorala izanen da»

 Gerardo Mungia

Urrian hasi ziren lehen bilkurak egiten, pastoralaren informazioa lau herrietara zabaldu eta egitasmoa aitzinera aterako zen ikusteko, eta mustraka batzuk egin ondotik, apirilean baieztatu zuten behin betiko eginen zutela. Urtebeteko lana, dago beraz Maddiren Trajeria lanaren gibeletik. Dena aitzinera ateratzeko zazpi lan talde osatu dituzte: musika, dantza, kanta, arropa, finantzaketa, publizitatea eta eguneko antolakuntza. Denera 100 lagun baino gehiago inplikatu dira proiektuan, horietatik 70 inguru dira arizaleak, 13 musikarik osatutako taldea dute lagun eta bertze aunitz bertzelako lanak egiten ari dira. 

Oreina bilakatu neska

Eta zer da bada pastoralak kontatzen duena? Halaxe azaldu du Xuriok:« Maddi da gure protagonista. Iturri batetik ura edaten du eta egunez oreina bilakatzen da, eta gauez Ma-ddi. Trajedia bikoitza da, izan ere, halako batean bere anaia Jakesen zakur ehiztariek oreina hiltzen dute. Maddiren ama, hil dutena bere alaba dela ohartzen da, eta bere buruaz bertze egiten du». Badu berritzailetik pastoralak kontatzen denak, izan ere orain artean nagusiki pertsona baten inguruko bizitza kontatu ohi dute pastoralek. Ez da Xaretakoaren kasua. Horixe nabarmendu du Pantxika Urruti errejentak: «Fikzioa da, eta fikzioaren parte dira animaliak ere». Urrutiren hitzetan, orain arte pastoraletan ez dira «anitz» atera, eta hau izanenda lehenengoa paper inportantea izanen dutena.

«Pastoralean kontatzen dena fikzioa da»

Pantxika Urruti

Arizaleentzat erronka handia izan da animaliak interpretatzea, baina ez bakarrik arizaleentzat, baita arropaz arduratu diren jostunentzat ere lehen aldia baita hainbertze animalia pastoral batean direla. «Ez genuen mozorro bat izatea nahi, inauteri bat. Zerbait diskretua izatea nahi genuen, ideia bat ematea arroparen bidez».  Horretarako hamar jostunetik gora elkartu dira, eta ahalegin biziki handia egin dute arropak sortzeko prozesuan. Jostunen egiteko nabarmendu du Mungiak: «Jostunak hagitz inportanteak dira, antzerki guztietan bezala jantziak gorpuzten baitu pastorala». 

Gainerakoan, «estilo klasikoko» pastoral bat izanen dela nabarmendu du Mungiak, «ohiko moldekoa». Eta bereziki Xaretarako pentsatua ez bada ere, Xaretako historiako hainbat gertakari ere sartu dituzte: iraultza frantsesean kanporatutako Ainhoarrak, Xaretan gertatu sorgin ehiza... Hainbat pertsonaia gorrietan ere erreferentziak horiek sartu dituzte, baina, argi utzi du Xuriok: «Ez da sorginei buruzko pastorala izanen». 

Esperientzia «ederra»

Ameli Harotzarenek jokatuko du Maddiren rola, eta Mattin de Castrok Jakesena. Beraiekin batera 70 arizaletik gora arituko dira antzerkian, eta denera pastoralak 100 parte hartzaile baino gehiago izanen ditu. Harotzarene pozik da Maddiren rola jokatzeaz, nahiz eta onartu duen «ardura handia» dela Maddi gorpuztea: «Hastapenean pixka bat harritu nintzen aukeratu nindutenean, eta estresatu ere bai. Baina esperientzia biziki aberatsa eta ederra izaten ari da», azaldu du. Dantzari gisa parte hartzeko joan zen lehen mustrakara, eta entsegu batzuk egin ondotik, azkenean «sorpresaz» protagonista izaten bukatu du zugarramurdiarrak. Pastoralean egin behar dituen ekintzetatik zailena kantua dela kontatu du: «Ez nuen inoiz kantatu pastoralaren aitzin, eta zaila da enetzat nire boza horrela denen aitzinean ateratzea. Lantzen ari naiz». 

«Esperientzia ederra izaten ari da»

Amelie Harotzarene

Xuriorentzako ere ederra izaten ari da bidea: «Sekulako esperientzia izaten ari da, hasieran iruditzen zitzaigun sobera engaiatzea zela, baina, orain igande batez ez badugu mustrakarik faltan botatzen dugu», azaldu du. Gainera, bereziki errejentaren lana nabarmendu nahi izan du: «Beti hitz goxoak izan ditu, animo hitzak, eta gainera denei eman digu gutienez bertso bat kantatzeko aukera», azaldu du. Mungiak ere Urrutiren lana goraipatu du: «Beti goxo, beti ongi, sekulako zortea ukan dugu bere parte hartzearekin», dio. Gainera, pastorala baten parte izatea inoiz ahantziko ez den esperientziatzat du Mungiak: «Herri antzerki batean parte hartzen duen edonork oroitzen du luzaroan bertan egindakoa», azaldu du. Iritzi berekoa da Xurio ere: «Nork du zuberotarra ez bada pastoral baten parte izateko aukera? Alabari erraten diot baliatzeko aukera bertzerik ez duelako izanen». 

Harremanak sortzeko bide

Pastorala egiteak lau herrietako herritarren artean harreman berriak sortzeko balio izan duela uste dute. Urrutiren hitzetan hori ere bada pastoralaren funtzioa: «Pastoral bat egiten dugularik da herrien elkartzeko, eta hori Xaretan gertatzen da. Sentitzen da badutela plazera berriz elkartzeaz, eta hori biziki inportantea da».

«Komunitatea sortzeko balio izan du»

Helena Xurio

Urrutiz gain ere horixe nabarmendu dute parte hartzaileek ere, herritarren artean sortu den giro ona. «Xaretarren artean komunitatea sortzeko balio izan du», dio Xuriok. Horretarako bereziki mustraketan egindako otorduek lagundu dutela dio Mungiak: «Mustraka egunetan arizale guziak elkartu gara denak elkarrekin bazkaltzeko, eta horrek biziki ondu du denen arteko giro ona». Zazpi laguneko taldea elkartu dira otorduak egiteko, eta parte hartzaile denek batera bazkaltzeko aukera izan dute. 

Bukaerara iristen ari da pastoralaren bidea, hilabete bertzerik ez da falta pastorala emateko eta azken mustraketan murgilduta daude orain. Informazio gehiago www.maddipastorala.eus helbidean eskuratu daiteke, baita Zugarramurdiko eta Sarako saioetara joateko sartzeak ere. 

Parte hartzaileekin solasean

Horrelako proiektu bat aitzinera ateratzeko beharrezkoa da jendearen inplikazioa izatea. Arizaleak, satanak, musikariak... Jende anitz behar da pastoralaren intepretazioa egiteko. Eta ez da  egunean bertan jendearen aitzinean arituko direnenen inplikazioa bakarrik behar, baita, ezkutuko lana egiten dutena ere: finantzazioa lortzea, komunikazio kanpaina egitea, pastoraleko liburuxka egitea... Aunitz dira, beraz, pastoralean modu batean edo bertzean parte hartu duten xaretarrak.

Pastoralean parte hartu duten lau herrietako hamar lagunen iritziak jaso ditugu hemen. Parte hartzaile denek nabarmendu dute esperientzia «ederra» izaten ari dela, eta  Xaretako lau herriak elkartzeko eta harreman berriak sortu eta egonkortzeko balio izan duela. Hala ere, onartu dute uste baino lan handiagoa dela pastorala egitea, eta kasu batzuetan bukaerarako «pisu» ere egin zaiela egitekoa.

Eukene Xurio- Jendea bilatzea

Jendea bilatzea izan da Xurioren lana, eta batez ere zailena haurrak eta gazteak bilatzea izan dela dio. Hala ere, esperientzia «izugarri ona» izaten ari da, eta harre- man bereziak sortu dira parte hartzaileen artean. «Betiko gordeko dut gogoan». 

Olivier Harotzarene- Otorduak

Mustraka egunetan otorduak prestatzea, hori da Harotzarenen egitekoa. Txandaka aritzen dira eta 60-70 laguntzako bazkaria egiten dute. «Egiteko erraza da eta giroa bikaina da gure artean zein bertzeekin, beraz, guretzat ez da lana ere». 

Koro Irazoki- Antolakuntza

Arizalea eta antolatzailea da Irazoki. Pastoralaren kari bi sentimendu ditu: «Arizale bezala arras polita izaten ari da, baina, antolatzaile bezala zama da. Konturatu gara zenbateko lana den horrelako zerbait egitea». 

Patrick Calvet- Musika

25 kanta inguru joko ditu Calvet buru duen taldeak, batzuk espresuki sortuak. Pantxika Urrutirekin lan egiten duen 5. pastorala da «Biziki ederra da ikustea zenbat laguntasun sortzen den herritarren artean».

Juan Miguel Olaizola- Babesleak lortzea

Arizale izateaz gain, pastoralarekin batera argitaratuko duten liburuxkan publizitatea lortzea izan da Olaizolaren lana. Ate aunitz jo dituzte eta harritua gelditu da «aunitzetan enpresa ttikiagoek handiek baino gehiago ematen dutelako».

Iraia Jaurena- Satana

Dantzari gisa hartuko du parte Jaurenak pastoralean, eta «esperientzia polita» izaten ari den arren, «nekea» sumatzen hasiak direla dio. Lanak fruituak eman, eta pastoral «ederra» izatea nahi luke.

Eneka Pelletrat- Dantza taldea

Dantzari gisa hartuko du parte Pelletrarrek, bertze 15 dantzarirekin batera. Entseguak «luzeak» izan direla dio, baina, biziki kontent da pastoralaren parte izateaz, bizitzan behin egiten den esperientzia dela uste duelako. 

Mattin Oronoz- Arizalea

«Esperientzia biziki ederra» izaten ari dela dio Oronozek. Arizale gisa arituko da, eta ekimen ona iruditzen zaio euskararen eta Xaretako herritarren harremanak indartzeko. «Domaia da gazte gehiago animatu ez dela», dio. 

Harri Idoate- Komunikazioa eta finantzazioa

Bi egitekotan ari da Idoate, eta baina orain bereziki komunikazioan buru belarri murgildua da. Lan handia dela onartu du, baina, polita dela. «Xaretako herrien arteko muga desagerrarazteak on egiten du».

Argitxu Agerre- Antolakuntza

Antolakuntza taldeko kide da Agerre, eta dio hasiera zaila izan zela material dena erosteko dirulaguntzak lortzeko.«Gastu handia da bi aldiz ematean dena bikoizten delako». Dirulaguntzak lortuta, lasaiago dira orain.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun