Ravel festibalaren denboraldiak Senpereko elizan egin zuen geldialdia abuztuan. Ravel Akademiaren ekimenez konpositore ospetsu euskaldunak bere bidaietan, bereziki Suitzan eta Italian, sorturiko obrak eskaini zituen. Eta aste honetan Ravel jaialdiaren kari bertze bi ikuskizun izanen dira elizan. Buruilaren 8an, ortzegunarekin, 18:00etan, Maurice Ravelen obrekin izanen da lehen emanaldia, eta 21:00etan Mozart eta Shuberten musika izanen da entzungai.
Ortzegunean 18:00etan hasiko den emanaldian Pierre Fouchenneret (bibolina), Marc Coppey (biolontxeloa) eta Jean François Heisser (pianoa) musikariak ariko dira. Maurice Ravelen pianorako eta biolinerako bigarren sonata, biolin eta biolontxelorako sonata eta trioa pianoarekin joko dituzte.
Ortzegunean 20:00etan hasiko den emanaldian, berriz, Modigliani laukoteak (argazkian) eta Nicolas Baldeyrou klarinete-jotzaileak Wolfang-Amadeus Mozarten Quintette avec clarinete, KV 681 eta Franz Schuberten Hari laukotea, 15. zenbakia joko dituzte.
Abuztuko emanaldiak
Puntako hiru kontzertuk osatu zuten abuztuko hilabetea Senperen. Megaswing jazz emanaldiak 200 behatzaile bildu zituen Larreko kultur gunean. Sekulako musika emanaldia eskaini zuten espresuki Parisetik etorritako artistek.
Nola ez aipa Donostiako Orfeoiak elizan eman zuen goi mailako ikuskizuna, 400 kideren aitzinean. Abiadura eztia iduri zuen Fauréren réquiem delakoarekin, baina crescendo joan zen ikusgarria eta bukaera bikaina bilakatu zen, bi Aleluia eta azkeneko Agur Jauna xoragarriak eskaini ondoan.
Ravel festibalaren denboraldiak ere elizan egin zuen geldialdia abuztuan. Ravel Akademiaren ekimenez konpositore ospetsu euskaldunak bere bidaietan, bereziki Suitzan eta Italian, sorturiko obrak eskaini zituen.