Harremana jubiloteka martxan jarriko da gaurtik aitzinera Baztanen eta Zugarramurdin

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 5a, 08:00

Gaur Urdazubiko eta Zugarramurdiko jubilatuen txanda izanen da eta antzinako nesken eskolan elkartuko dira

Ikasturte berria hasi dugu irailean eta Harremana jubiloteka ere bueltan da Baztanen eta Zugarramurdin. Gaur, irailaren 5ean, Urdazubiko eta Zugarramurdiko jubilatuak Zugarramurdiko antzinako nesken eskolan elkartuko dira. Erratzun irailaren 8an, ortzeguna, lixutegian hasiko dute jubiloteka zerbitzua. Hurrengo egunean Iruritan izanen da, irailaren 9an Erreboteko plazan. Azkenik, Elizondon urriaren 5ean, asteazkena, Arizkunenean hasiko da jubiloteka zerbitzua.

Honez gain, zerbitzu hau herri gehiagotan hasteko saio informatiboak eginen dituzte irailean. Hilaren 12an, astelehena, Amaiurko herriko tabernan elkartuko dira 16:00etan. Hurrengo egunean, asteartean, Oronoz-Mugairiko Kalisoro jubilatuen egoitzan bilduko dira 10:00etan. Azkenik, Arizkunen egun berean, irailaren 13an, medikuaren etxean eginen  dute saioa 16:00etan. Interesatuak dauden guziak gonbidatu dituzte solasaldi informatiboetara.

Informazio gehiago nahi izanez gero, eskuragarri daude hurrengo telefono zenbakiak: 647 992 350 (Edurne) eta 659 849 570 (Amaia).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun