Sara Korrika lasterketako izen ematea zabalik da

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 1a, 15:00
Argazkia: Pierre Ezkurra

Sarako besten atarian, ohiko hitzordu bihurtu da Sara Korrika lasterketa. Aldi honetan, buruilaren 10ean eginen dute 10,3 kilometroko luzera eta 374 metroko malda positiboa duen proba.

Sarako plazan hasi eta bukatuko da lasterketa, eta bidean, Helbarrun auzotik pasatuta, Suhalmendi gainera (301 m) igoko dira. Pinuditik jaitsita, San Inazio lepoa zeharkatuko dute. Harrizko jaitsiera luze baten ondotik, azken ahalegina, igerileku aitzinetik igoz egin beharko dute.

Lasterketa 17:00etan hasiko da. Emakumezkoak izanen dira lehenbiziko, eta bortz minutu beranduago gizonezkoak. Sara Korrika elkartearen arabera, «2019tik emakumezkoek gizonezkoek baino bortz minutu lehenagotik hasteko pribilegioa dute, ibilbideko kilometro batzuk eurentzat edukitzeko».

Izen ematea Internetez egin daiteke eta egunean bertan ere izena emateko aukera izanen da, 15:30etik aitzinera frontoian. Parte hartzeko medikuaren agiria beharrezkoa izanen da.

Lehenbiziko korrikalaria 17:41 alderako espero dute antolatzaileek, eta lasterketaren ondotik, sari banaketa eginen dute herriko etxeko ordezkariekin eta klubeko antolatzaileekin. Aperitifarekin borobilduko dute arratsaldea.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun