Goizean goiz hasi zuten jardunaldia, Sorgin Trail lasterketako 7,5 kilometroko ibilbidearen itzuli irekia eginez. Ondotik, 10:30ean hasi zen lasterketa. 24 emakumek hartu zuten parte eta Mirentxu Doyhenardek irabazi zuen 43.52ko denborarekin. Bigarren postua lortu zuen Nina Irigoienek (44.29) eta Pantxika Etxeberria izan zen hirugarren (44.55).
Arratsaldean, urtero bezala, haurren txanda izan zen lehenbiziko, Kontrabandista Ttiki lasterketarekin eta 18:00etan egin zuten Kontrabandisten Lasterketa. Lasterkariek 8,4 kilometroko ibilbidea egin zuten Sarako plazatik abiatuta Zazpi Fagoko tontorreraino eta ohi bezala, galtza luze beltzekin eta kamiseta zuriarekin egin zuten ibilbidea. Lasterketaren zati batean gizonezkoek zortzi kiloko zakua eraman zuten bizkarrean eta emakumezkoek lau kilokoa, garai bateko kontrabandisten lana gogora ekarriz.
32 lasterkarik hartu zuten parte eta Joseba Larralde beratarrak lortu zuen laugarren aldiz segidan lehenbiziko postua, 41.31ko denborarekin. Seigarren garaipena du Larraldek Saran, baina, 2020an egindako bere errekorretik (39.17) urruti gelditu zen. Guillame Levoy izan zen bigarrena (43.24) eta Mathieu Gachen hirugarrena (45.23).
Ainhoa Etxegarai beratarra izan zen parte hartu zuen emakumezko bakarra eta 55 minutu eta 04 segundoko denbora egin zuen.
Lasterketaz gain, artisauen azoka, musika emanaldiak, zikiro jatea, herri kirol erakustaldia eta taloak jateko aukera izan zuten atzo Sarara bertaratutakoek.