Posta zerbitzua lanjerrean ikusten dute Saran

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 26a, 12:00

Sarako posta bulegoa ainitzetan hetsia edo kutxazain automatikoa aldizka hutsik dagoela eta pixkanaka ordutegia murrizten ari direla ikusteak egonezina sortu du herrian. Aste honetan Har Hitza taldeak deiturik bilkura egin dute eta ehun bat lagun bildu dira. Buruilaren 22an bertze bilkura bat eginen dute. Testua eta argazkiak: Ganex.

Joan den astelehenean, abuztuaren 22an, Sarako Lur Berri gelan egin zuten bilkura. Denek beren arrangurak erran zituzten. Bertzeak bertze, egun gehienetan posta hetsia dela eta sosa partitzeko makinan dirurik ez dela izaten aipatu zuten eta hori ezin dela ametitu eta zerbait egin beharko dela. Battitte Laborde auzapezak galde mota andana egin dituztela erran zuen, baina ez dutela hobekuntzarik izan.

Bilkuran bildu ziren batzuen irudiko, gorago desmartxak egin beharko dira zerbait jakiteko, gobernamendua hasia baita posta zerbitzu pribatua behar dela aipatzen, lan hori egiteko jende kalifikaturik ez dutela atzematen erranez. Hala, bildutakoek eskaera bat egitea deliberatu zuten, eta horren ondotik ikusiko da. Buruilaren 22an bertze bilkura bat eginen dute Lur Berri gelan, 19:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun