Goizean goizetik abiatuko dute Kontrabandisten Eguna Saran igande honetan. Sorgina Trail emazte eta neskentzako lasterketa eginen dute 10:30ean hasita, eta horren aitzinetik 09:30ean lasterketa ikusteko ibilaldia eginen dute denei irekia. Izen ematea egunean bertan egin beharko da 4 euro ordainduta.
10:00etan hasita merkatua eginen dute eta 10:30ean abiatuko da Sorgina Trail lasterketa. 7,5 kilometroko ibilbidea eta 200 metroko desmaila izanen du Sorgina Trailek. 10:30an izanen da abiatzea eta izen ematea irekia dago dagoeneko. Internetez egiteak 8 euroko prezioa du, eta egunean bertan egiteko aukera ere izanen da 10 euroan.
11etatik goiti edantegian Sarako kantariek eta trikitilariek alaituko dute giroa, eta 12:00etan Pauline eta Juliette taldearen kontzertua izanen da.
13:00etan Zikiro jatea izanen dute, eta 14:o0etan hasita herri kirolak izanen dira haurrentzat. Ondotik, 15:30ean joaldunak karrikaz karrika ibiliko dira eta aizkolarien desafioa izanen da. Helduen lasterketaren aitzinetik, 16:30ean haurrentzako Kontrabandista Ttiki eginen dute Sarako karriketan.
18:00etan hasiko da Kontrabandisten lasterketa. Lasterkariek 8,4 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Sarako plazatik abiatuko dira eta 522 metrotara dagoen Zazpi Fago tontorra izanen da ibilbideko punturik altuena. Ohi bezala, lasterkariak galtza luze beltzekin eta kamiseta zuriarekin aterako dira eta lehenbiziko 1.500 metroetan gizonezkoek zortzi kiloko eta emakumezkoek lau kiloko zakua bizkarrean eraman beharko dute, Berako bidegurutzera bitartean, garai bateko kontrabandisten lana gogora ekarriz. Lasterketan Sara inguruko herrietakoek baino ezin dute parte hartu: Ainhoako, Azkaineko, Baigorriko, Ezpeletako, Donibane Garaziko, Hendaiako, Sarako, Senpereko, Urruñako, Berako, Elizondoko, Etxalarko, Hondarribiako, Irungo, Lesakako, Urdazubiko, Luzaideko eta Zugarramurdiko bina korrikalarik bakarrik.
19:00etan sari banaketa ekitaldia eginen dute, eta eguna bukatzeko 20:00etan Cumbiam´bero txarangak alaituko ditu karrikak.
Arratsaldean taloak erosteko aukera izanen da.