Urdazubiko XIV. Burdinaren Eguna arrakastatsua suertatu da

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 8a, 13:00

Urdazubiko Burdinaren Eguna giro bikainean ospatu zuten agorrilaren 6an. Hamalaugarren edizio honek gaiarekin lotutako jarduera egitarau zabala izan zuen. Bertzeak bertze, burdin minerala idi-gurdietan garraiatzen zeneko ibilbidea antzeztu zuten. Axular baserritik Urdazubira, idiek tiratutako gurdi batean zetorren burdin mineralaren segizioa plazara ailegatu eta han itxi zuten tratua Bizkaiko Pobeñako benakeroek eta Salbatore monasterioko abadeak, duela mende batzuk egiten zuten moduan. Urrezko 16 txanpon eta bazkaria jaso zuten bizkaitarrek, abadeak eskainitako otoitzak ez baitzituzten onartu.  Argazkiak: Fernando Anbustegi

Garai batean, Somorrostroko burdin minerala Somorrostrotik Donibane Lohizunera ekartzen zuten, Azkainerako gabarra batean eramaten zuten Urdazurin goiti eta handik Urdazubiko monasteriora idiek tiratutako orgetan. Zelaieneko Javier Larraldek egin zuen monasterioko abadearen antzezpena. Jesus Mediavillak Bizkaiko Aurreskua dantzatu zuen, Baztango Xulubitariak taldearen musikarekin.

Brun anaien arotz lanak ikusteko aukera izan zen plazan, baita eskulangileen azoka, haurrendako jokoak eta Baztango Dantzariak taldearen emanaldia ere. Zikiro-jatean 350 bat lagun bildu ziren eta bazkalondoan Joxe Mendizabalen eta Mariachi Imperial Elegancia Mexicana taldearen musikarekin gozatu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun