Bederatzi lagunek osatzen dute besta komitea, «aurten hiru partaide berri gehitu zaizkigu». Betebehar handiena bestak antolatzea baldin badute ere, «bertzelako proiektuak aitzinerat eramaten saiatzen gara. Ideia aunitz ditugu, mural bat egitea, adibidez, baina konplikatua da egitea batez ere udan elkartzen garelako».
Bestei dagokienez, «lan handia» dela diote; «zikiroak du zamarik handiena», baina «herri guzia aritzen da laguntzen». Gainerako ardurak taldekideen artean banatzen dituzte, «taldeei deitzea, zerbait eskatzea… bertzalde, badira urtero lan berak egiteaz arduratzen diren herritarrak: txosna eskatzeaz, bertsolariekin kontaktatzeaz, zikiroa erre eta zerbitzatzeaz…».
Egitaraua prestatzean, «joan den urteko egitarauari» erreparatzen diote; «urtero egitura bera segitzen saiatzen gara». Horrez gain, «herritarrek baloratzen dutenari kasu egiten saiatzen gara. Aurten, adibidez, joko-besta berreskuratu dugu». Sosak ere egitaraua mugatzen du; «udalak laguntza ttiki bat ematen digu baina diru sarrera nagusia zikirokoa izaten da. Aurten prezio guziak igotzen ari direnez, zikiroko sarrerak garestitu behar izan ditugu tamalez, 35 eurotik 40 eurora».
Hala ere, bestetarako «ikaragarrizko gogoa» dute herrian; «joan den urtean seinale bat egin genuen eta horrek gogoa piztu zigun. Jendea galdezka ari zaigu etengabe eta laguntzeko prest daudela erran digute aunitzetan». Hori da nabarmendu nahi izan dutena; «hunkigarria da herritarren gogoa eta ilusioa. Denok dakigu andremariak denon artean sortzen ditugula eta beharrezkoa da». «Herri bakoitzak bere xarma duela» diote, eta Zugarramurdin «zikiroa eta refeta lezean egiteak giro berezia sortzen du».
Bestak orokorrean beti bezala mantentzen badira ere, «gauza batzuk aldatu egiten dira. Aurten, adibidez, programaren diseinua herri ondoko gazte batek egin du. Espero dugu gustukoa izatea!».