Lion's Club elkartearen oparia Senpereko obra sozialaren alde

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 14a, 13:00
Senpereko Lion's Club elkarteko kideek txekea eman zioten Dominique Idiart alkateari.

700 euroko txekea eman zioten elkarteko kideek Dominique Idiart alkateari, Hamabortzaldi kulturalean zazpi ostalarirekin batera egindako ekimenean bildutakoak

Senpereko Hamabortzaldi kulturalean, herriko etxea eta zonbait elkarteren partaidetzarekin, galdegina zen azkeneko hauei ekitaldi batzuk antola zitzaten, bakoitzak bere usaiako aktibitateen arabera. Lion’s Club elkarteak, Senperen duen adarrarekin, ekimen polita asmatu zuen: herriko zazpi ostalarirekin (Le Fronton, Pyrenees Atlantique, La Nivelle, L’Auberge Basque, Kinka, Anaiak eta Santiago) ekimen eder bat plantan ezarri zuten: Sukaldarien Eltzekaria.

Apirilaren 16an eta 23an, larunbateko merkatuarekin, saldu zituzten eltzekariz betetako botilak, orotarat 140 pinta. Botilatze lanak elkartearen gain, azken finean 700 euroren mozkina sortu dute. Ekainaren 24an herriko etxean, elkartearen zuzendaria den Dospital andereak 700 euroko txekea eman zuen auzapezaren eskuetan Senpereko obra sozialen alde (CCAS).

Dominique Idiartek eskertu zituen herriaren izenean, segurtatuz ongi erabilia izanen dela. Bertzalde, Lion’s Clubek, inguruko okindegi/bizkotx dendekin, errege pastizaren bitartez 3.500 euro bildu dituzte, onkologia zerbitzu baten laguntzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun