Sarako Izarra errugbi taldearen 50. urteurreneko ospakizuna ortzegunean eginen dute

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 12a, 10:00
Sarako Izarra errugbi taldekoak Olhabidean bazkaldu zuten euskal liga irabazi ondotik. Orai, 50. urteurreneko ospakizuna izanen dute.

Sarako Izarra Errugbi taldea sortu zutenetik 50 urte bete dira aurten. Maiatzaren 28an egitekoa zuen urteurreneko ospakizuna, baina egun hartan euskal ligako finala jokatzea (eta irabaztea) egokitu zitzaion. Ordutik, liga irabazteko ospakizunak egin dituzte, baina 50. urteurreneko besta uztailaren 14an, ortzegunean eginen dute.

Kari horretara, 10:30etik goiti matxa ttiki batzuk eginen dituzte lehengo errugbilariek, oraingoek, gazteak eta aurten hasiak diren neskek, denak nahasiak Animainean. Ondotik, eguerdian bazkaria izanen dute, menua: aperitifa txistorrarekin, pastiza, arno beltz eta gorria, eta kafea ondokoarekin. Bazkaria eta bazkalondoa musikariek alaituko dute eta 19:00 aldean, eguna bukatzeko DJa izanen da musika jartzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun