Iban Blanco

«Negozioa bi egunez hesten eta edekia mantentzeko malabareak egiten ari gara»

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 10a, 09:00

Iban Blancok joan den urtean hartu zuen ostatuaren ardura.

Iban BLANCO GARDE, Urdazubiko ostalaria

Gaztea bada ere, ezaguna du sektorea, «nire familia betitik ostalaritzan aritua» delako. Urte luzez aitak izan zuen Urdazubiko Montxo ostatuaren lekukoa joan den urtean hartu zuen Iban Blanco Gardek. Orduan ere langileak harrapatzeko «arazo batzuk» izan zituela aitortu du, baina «gero neguan ongi aritu ginen». Aurten, ordea, udaren atarian, berriz sumatu du arazoa: «Langileak falta ditugu». Ez bakarra gainera. Duela aste batzuk «udarako hiruzpalau langile» hartuko lituzkeela kontatu zion TTIPI-TTAPAri, «neguan batzuk geldituko lirateke».

Langile eskasiaren arazoari «negozioa bi egunez hetsiz eta malabareak eginez» ari dira aurre egiten. «Hasmentan, gure asmoa astelehenetan hestea zen, baina orai astelehenetan eta asteartetan hesten ari gara. Igual astebururen bat ere hestea tokatuko zaigu, langileei libre emateko, beraien eskubidea baita. Horrez gain, gu ordu gehiago sartzen ari gara».

Ez daki nondik sortu diren langileak harrapatzeko zailtasunak, «jendeak asteburuak libre izateko fabriketan nahiago duelako izan daiteke, ostalaritzaren merkatua gehiegizkoa delako, edo gure kasuan, ortzirale eta larunbat arratsetan ere edekitzen dugunez, jendeak arratsetan ez duelako lan egin nahi izan daiteke». Baina argi utzi nahi izan du gazteak ez direla egoeraren erantzule: «Arazoa ez da ikasle gazteek ez dutelako lanik egin nahi sortu. Nire herriko gazteak, adibidez, lanean ari dira, eta ez zaie beraiei bota behar errua. Kontuan izan behar dugu lehenago baino aise jende gutiago garela».

Lan baldintzez galdetuta, «ez dakit bertze lekuetan zer eskaintzen duten, baina badakit zer eskaintzen dudan», adierazi du: «Esperientziaduna baldin bada baldintza onak izanen ditu, baita esperientziarik ez badu ere, baina ez sektorean hamar edo hamabortz urte daramatzanak bezala. Hori esperientziarekin batera lortzen da, negozio guztietan bezala».

«Urte batzuetan zerbitzua murriztuagoa eta esklusiboagoa izanen da.

Bertzetik, sektorearen etorkizuna ziurtatua ikusten du, «ostalaritza ez da inoiz akituko». Baina bere ustez, ez da orain arte bezala izanen: «Urte batzuetan zerbitzua murriztuagoa eta esklusiboagoa izanen da. Igual egun jakin batzuetan bakarrik edekiko dugu». Eta leku batzuetan langileak atzerritik ekartzeko egin duten aukera begi onez ikusten du: «Etorkinek lanean hasi nahi badute, ongi etorriak izanen dira; gustura hartuko ditut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun