Sarako Izarra Errugbi taldea sortu zutenetik 50 urte bete dira aurten. Maiatzaren 28an egitekoa zuen urteurreneko ospakizuna, baina egun hartan euskal ligako finala jokatzea (eta irabaztea) egokitu zitzaion. Ordutik, liga irabazteko ospakizunak egin dituzte, baina 50. urteurreneko besta uztailaren 14an, ortzegunean eginen dute.
Kari horretara, 10:30etik goiti matxa ttiki batzuk eginen dituzte lehengo errugbilariek, oraingoek, gazteak eta aurten hasiak diren neskek, denak nahasiak Animainean. Ondotik, eguerdian bazkaria izanen dute, menua: aperitifa txistorrarekin, pastiza, arno beltz eta gorria, eta kafea ondokoarekin. Prezioa: 30 euro. Bazkaria eta bazkalondoa musikariek alaituko dute eta 19:00 aldean, eguna bukatzeko DJa izanen da musika jartzen. Txartelak Herriko Etxeko edantegian bakarrik daude salgai eta uztailaren 9a baino lehen erosi behar dira.