‘Muga, kontrabandoa eta bentak’ solasaldia emanen dute ekainaren 24an Sarako lezeetan

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 23a, 09:00
Sarako lezeetan elkartasun eguna izanen dute larunbatean, 'Petit Princes' elkartearen alde.

Jakintza elkarteko Guy Lalanneren ortzirale arratsaldeko solasaldiaren ondotik, larunbata ‘Petits Princxes’ elkarteari eskainitako elkartasun eguna izanen dute lezeetan

Muga, kontrabandoa eta Bentak hitzaldia emanen du Jakintza elkarteko Guy Lalannek Sarako lezeetan ekainaren 24an, ortziralean, 19:15ean. Urririk eta denentzat idekia izanen da, baina leku kopuru mugatua du 85 pertsonentzat. Aitzinetik izena eman behar da.

Denok ezagutzen ditugu gaur egungo bentak, batzuetan jatetxe edo benetako supermerkatu bihurtuak. Iragan den garai hori ez dago hain urrun eta gaur egun ere entzun daitezke gure inguruan gaueko lanari buruzko lekukotasunak eta anekdotak, batez ere Xareta mugaz gaindiko lurraldean. Guy Lalanne ziburutarra bere ezagutzak eta gertaldiak partekatzera etorriko da, aduana eta kontrabandisten jokoari buruz, baita ere mugaren rolaz eta benten bilakaeraz.

Larunbatean elkartasun eguna lezeetan

Ekainaren 25a, larunbata, Petits Princes elkarteari eskainitako elkartasun eguna izanen dute Sarako lezeetan. Sarrera bakoitzeko 0,5 euro emanen zaizkio elkarteari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun