Sara Oinez antolatu du Har Hitzak ekainaren 26rako

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 20a, 08:00

Sara inguruetatik ibilbide polita prestatu du Har Hitza elkarteak.

26 kilometro luze duen ibilbidea euskaraz egiteko gomita egin du elkarteak eta parte hartzeko 12 euro galdeginen dira

Har Hitza elkarteak Sara Oinez mendi ibilaldia antolatu du ekainaren 26rako. 26 kilometro luzeko ibilbidea proposatu dute, 1.440 metroko desnibela duena. Izen emateak Lurberri gelan egin beharko dira ekaineko azken igandean, 06:30etik 08:00etara eta irteera 07:00etatik 08:00etara eginen dute mendizaleek. Parte hartzeko 12 euro galdeginen dira.

Ibilbidea

Ibilbidea Saratik abiatuta, Xominen bordako ardi-bordatik Iturriadarreta eta Atekaleun igan ondotik, Lizuniagako lepora jautsiko dira ibiltariak. Bertan izanen dituzte lehen jan-edariak. Urdakoitzen barna Lizarietara igoko dira eta segidan Nabarlatsen izanen dute bigarrenez jan-edatekoak. Larreko borda eta Plaxidon borda pasatuz, Borddako bordan ura izanen dute eta handik berriz Sarara joanen dira eta Lur Berrin jatekoak eta edatekoak izanen dituzte.

Antolatzaileek aipatu dutenez, osasun postuak jarriak izanen dira eta ez da inolako sailkapenik egonen, ez baita lasterketa bat. Itzulia euskaraz egiteko gomita ere egin du Har Hitza elkarteak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun