‘Mapa galduak’ musika jaialdia prestatzen ari da urriko azken aste hondarrerako Usopop elkartea

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 9a, 20:00
Aurtengoan Lizarrietako lepotik herrigunera ekarriko du Usopop elkarteak musika festibala, 'Mapa galduak' goiburupean.

Hainbat musika talderen emanaldiez gain ‘Mugarri 25’ sorkuntza berezia eta ‘Zeharkako bideak’ ibilaldi sekretua iragarri dituzte

Hamar urtez Lizarrietako kaskoan musika ospatu eta gero, Usopop elkarteak bide berriak deskubritzea deliberatu zuen. Bi urte eta zenbait ezusteko oztopo gainditu eta gero, «gure energiak pil-pilean jartzen dituen proiektua» aurkeztu du. Urriaren 28tik 30erako aste hondarrean ‘Mapa galduak’ jaialdia antolatuko du Saran eta Lizarrietan izan beharrean, herriko plazan eta Lur Berrin izanen dira ekitaldiak. Sarrerak

Usopop elkarteak jakinarazi duenez, «musikak gaitu elkartzen eta kontzertuak izanen dira nagusi, baina ez bakarrik». Hain zuzen bi momentu azkar izanen dituzte urriko azken asteburuan: ‘Mugarri 25’ sorkuntza berezia urriaren 30ean, «etxeko zigiluko eta hainbat jatorritik etorritako artista egonaldi bat izanen da eta ‘Zeharkako bideak’, urriaren 29an, «herrian zehar ibilaraziko gaituen ibilaldi sekretu bat». Hastapeneko hitzordua gutun bidez jasoko dute parte-hartzaileek. Hitzordu hau ez da 14 urtez beheitiko haurrentzat egokia.

Bi ekitaldi berezi hauetaz gain, Tarta Relena, Herman Dune, Vulk, Zetkin, Lukiek, Just Mustard, Mursego, Nomadak gaitun, Tirri&Tery eta Kurtney Barnetx taldeen musika aditzeko aukera izanen da Saran.

Hiru egunetako sartzeak dagoeneko eskura daitezke eta momentuz, ‘Zeharkako bideak’ ibilaldian parte hartzeko molde bakarra hori da, jakinik parte-hartzaile kopurua mugatua dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun