Mari Pierre Agerrek, bertako langileak, Urdazubiko eta inguruko informazioa ematen du, «Nafarroako eta Lapurdiko eskuorriak izaten ditut bisitariek dena ezagutu dezaten». Turismo bulegoa handia da, eta kultur aretoa dauka goiko pisuan; «ekitaldiak, ikuskizunak, solasaldiak… egiten ditugu. Berriki magia ikuskizuna izan dugu».
Baina Urdazubik «aunitzez gehiago» dauka ikusteko: «lezeak oso politak dira eta bisita gidatuak egiten dituzte, baina erreserba egitea gomendagarria da. Monasterioa ere daukagu, eta bertan eliza, kalustroa eta lehen solairua ikus daitezke. Klaustroan euskal artisten margo eta eskultura erakusketa dugu, eta lehen solairuan herriaren historia kontatzen duen museoa dago. XVIII. mendeko errota ere dugu ikusgai, eta bisita gidatuak egiten ditut bertan, baita 1901eko zentral elektrikora ere.
Horrez gain, mendi ibilaldiak egiteko leku aproposak ditugu eta jende aunitz ibiltzen da. Gainera, Trikuharry parkea dugu, gaizki tratatuak edo abandonatuak izan diren animalientzako babeslekua; loroak, hegazti harrapariak, otsoa… ikuskizun interaktiboak egiten dituzte. Akitzeko, Dantxarinea auzoa dugu, eta jende aunitz joaten da hara erosketak egitera».