Pentekoste eguna gogoekin ospatu dute Dantxarinean

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 7a, 10:00

Mixel Lecroq gustura, Txomin Iribarrenen eskutik hartu zuen 1.500 euroko txekearekin.

Auzoko bentetan gastatzeko 1.500 euroko txekea Michele Lecroq-i egokitu zaio

Urdazubiko besten ondotik ohitura den modura Pentekoste eguna ospatu zen ekainaren 6an Dantxarinea auzoan. Astelehen goizeko hamarretan hasirik, haurrendako jolasak, euskal dantzak, herri kirolak, eta bukatzeko txotx sagardoa eta pintxoak izan dituzte. Horrez gain, Dantxarineko bentetan erabiltzeko 1.500 euroko txekearen zozketa egin zuten eta Michele Lecroq-i egokitu zaio. Txomin Iribarren, Dantxarineko Merkatarien Elkarteko presidenteak eman zion saria.

Egun hau gogo berezi batekin hartu dute aurtengoan. Pentekoste besta betidanik Dantxarineko bi alderdiak elkartu dituen besta izan da. Hainbat egoera zailek ere ez zuten besta hau gelditzea lortu, gerra zibilean eta ondorengo urte zailetan ere ospatu zelako. 2020an eta 2021ean, aldiz, Covid-19aren pandemiak besta hau lehenbiziko aldiz gelditzea lortu zuen eta bi urtez segidan Dantxarinean Pentekoste eguna isil eta tristea bilakatu zuten. Aurten, ordea, horri buelta emanez, inoiz baino gogo eta besta giro gehiagorekin hartu da Urdazubi eta Ainhoa, Nafarroa eta Lapurdi, hegoaldea eta iparraldea bat egiten dituen herriko besta hau.

Haurrendako jokoak eta puzgarriak ere izan zituzten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun