Udalekuetarako izena emateko epea ireki dute Urdazubin

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 4a, 10:00
Gaztetxoak joan den urteko udalekuetan Urdazubin.

Zazpi urte artekoentzat Landa haurtzaindegiak antolatu du eta gaztetxoentzat multijarduera campusa prestatu du Mugarkik 

Aurtengo udarako adin guztietako haur eta gaztetxoendako udalekuak antolatu dituzte Urdazubin ere.

Batetik, hiru eta zazpi urte bitarteko haurrentzat Landa haurtzaindegiak udalekuak eskainiko ditu. Hauek, bi txandatan emanen dituzte, uztailaren 4tik 15era lehena, eta uztailaren 18tik 29ra bigarrena. Ordutegia 10:00etatik 13:00etara izanen da eta kultur etxean bilduko dira. Izen-ematea ekainaren 17a baino lehen egin beharko da. Aste bateko prezioa 20 eurokoa izanen da, bi astekoa 30 euro, hiru astekoa 40 euro eta lau astekoa 50 euro.

 

Multijarduera

Bertzetik, joan den urtean bezala, multijarduera campusa antolatu du Mugarkik, zortzi eta hamaika urte arteko eta hamabi eta hamasei urte arteko gaztetxoentzat. Hauek ere bi txandatan emanen dira, uztailaren 18tik 29ra lehena eta abuztuaren 8tik 19ra bigarrena. Ordutegia, kasu honetan 09:00tatik 14:00etara izanen da. Izen ematea forms.office.com gunean egin beharko da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun