Pentekoste eguna ospatuko dute ekainaren 6an Dantxarinean

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 3a, 17:00
Herri kirolek izanen dute bere tartea aurten ere Dantxarineko Pentekoste egunean.

Astelehen goizean hainbat ekitaldi antolatu dituzte eta bentetan erabiltzeko 1.500 euroko txekearen zozketako irabazleari saria emanen zaio

Urdazubiko Salbatore besten ondotik, ohitura den modura, Pentekoste eguna ospatuko dute ekainaren 6ean Dantxarinea auzoan. Azken urteetan nahiko finkatua dago egitaraua. Heldu den astelehen goizeko hamarretan hasirik, haurrendako jokoak, puzgarriak eta musika, euskal dantzak, herri kirolak Larretxea anaien eskutik, eta bukatzeko txotx sagardoa eta pintxoak izanen dituzte.

1.500 euroko txekea

Horrez gain, urtero ikusmin handia pizten duen Dantxarineko bentetan erabiltzeko 1.500 euroko txekearen zozketan saridun suertatu denari saria emanen zaio. Irabazlea auto batean ibiliko da eta saltoki bakoitzean taloi bat hartuko du, 1.500 eurotara ailegatu arte. Dantxarinean kontsumitu beharko du hurrengo hiru hilabeteetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun