XII. Kobazuloen Eguna ospatzeko eskaintza bereziak eginen dituzte asteburuan Lurpea Elkarteko kideek

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 1a, 14:00

Asteburuan ospatuko den XII. Kobazuloen Eguneko aurkezpena egin dute asteazken goizean Urdazubin. Lurpea elkarteko zortzi leizeetako ordezkariak izan dira ekitaldian.

Joan den urteko geldialdiaren ondotik, ekaineko lehen astebururako antolatu dute hitzordu berezia eta elkartea osatzen duten leize guztiek bisita bereziak, erakustaldiak, lehiaketak, zozketak eta beherapenak eskainiko dituzte. Gaur goizean egin dute ekitaldi guzti hauen aurkezpena Urdazubin.

Sarako leizeak, Zugarramurdiko Sorginen leizeak, Urdazubiko leizeak, Arrikrutz-Oñatiko kobak, Ekainberrik, Isturitz-Oxozelhaya kobak, Mendukiloko kobak eta Pozalaguako kobak osatzen dute 2008an sortutako Lurpea elkartea. Helburu argia dute denek, lurpeko bisitariari seigarren kontinentea deskubritzeko aukera ematea, «hurbil izan arren hain ezezagun zaizkigun baliabide hauek ezagutzeko aukera eskainiz». Bertze ekintza batzuen artean, taldeak www.lurpea.eus webgunea jarri zuen martxan eta bertan jaso daiteke kobazulo guztien informazioa.

 

Eskualdeko leizeetan asteburuko eskaintzak

Zugarramudiko Sorginen leizean bi bisita gidatu eskainiko dituzte larunbatean: 12:00etan euskaraz eta 17:00etan gazteleraz. Bisita honetarako txartelak online salduko dira www.turismozugarramurdi.com webgunean (helduek bost euro eta sei eta hamabi urte bitarteko haurrek hiru euro).

Sarako leizean egindako bisita bakoitzeko bono bat emanen dute. Norbere izena, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa sartu eta, zozketa baten bidez sariak irabazteko aukera izanen da, bertzeak bertze gau bat Urdazubin edo Lurpea saren diren leizeetako sarrerak. Gainera, larunbatean 08:30etik 10:00etara argazki lehiaketa ere eginen dute. Leizean ateratako argazki ederrenaren egileak opari saski bat irabaziko du. Argazki lehiaketa honetan parte hartzeko aitzinetik izena eman behar da (gehienez ere 15 argazkilari onartuko dira) https://reservation.grottesdesare.fr/concours-photo webgunean.

Gainera, ekainaren 6an leize turistiko eta Lurpeko Munduaren Nazioarteko Eguna ere ospatuklp dute Saran. Ekainaren 24an, Muga, kontrabandoa eta Bentak solasaldia izanen dute 19:15ean eta ekainaren 25ean, larunbatean, Petits Princes elkarteari eskainitako elkartasun eguna. Sarrera bakoitzeko 0,5 euro emanen zaizkio elkarteari.

Urdazubiko leizean, igandean 16:00etan bisita gidatua eskainiko dute. Argazkiak ateratzeko aukera izanen da eta Lurpearen argazki lehiaketan parte hartu. Erreserba egitea beharrezkoa izanen da, plaza mugatuak direlako. Gainera, bisitari bajoitzari txartel bat emanen zaio harreran. Hori bete eta Urdazubiko Ikaburua ostatuan gaua pasatzeko eta Lurpeako zortzi leizeak bisitatzeko bonoa irabazteko aukera izanen da.

Aurten, Ikaburuko lezearen eguna uztailaren 16an ospatuko dute. Lekuko eskulangileem lanak ikusteko aukera izanen da, baita historiaurreko bizimoduaren erakusketa ere Iñaki Libanoren eskutik, txalaparta, taloak, magia ikuskizuna…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun