Sagarnotegi bazkaria prestatu du Sarako Olhain ikastolak iganderako

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 1a, 19:00
2019an egin zen Olhain ikastolaren azken besta.

Badu bi urte ez dutela egin pandemiarengatik, baina aurten eginen dute Sarako Olhain Ikastolaren haurren besta. Egun hori izanen da, bertze urtetan bezala, Mendekoste egunarekin, ereiaroaren 5ean, igande honetan, kiroldegian.

Eguerdi inguruan haurrek eginen dituzte antzerki ttiki batzuk, kantuak eta bertsuak eta 12:30ean kupelen idekitzea eginen dute. Ondotik izanen da Sagarnotegiko bazkaria (bakailaoa piperrekin, txuleta, gasna, pastiza, kafea eta ttotta), deneri irekia. Hernaniko Akarregi, Astigarragako Oialume Zar eta Lesakako Linddurren borda sagarnotegietako sagarnoa izanen da dastatzeko.

Txartelak 27 eurotan salgai dira helduentzat eta 8 euro haurrentzat, Herriko Etxeko edantegian edo erreserba egin daiteke 06 60 91 68 63 edo 06 85 54 88 72 telefono zenbakietarat deituz.

Arratsaldean ere musika

Arratsaldez haurrentzako jokoak eta puzgarriak izanen dira eta musika ezarriko du DJ Bullek. Gauero taldeak animatuko du egun guztia, beraz, etorri ahal duzuen guztiek haur horiek sustengatzera eta egun eder bat pasatzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun