Bigarren urtez segidan euskal ligako txapeldun izan da Sarako Izarra errugbi taldea

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 30a, 07:00
Sarako Izarra errugbi taldeko jokalariak eta zaleak gustura larunbatean Elorrion, bigarren urtez segidan euskal liga irabazi ondotik.

Gure Txokoa futbol taldeak Villabonan irabazi arren maila galdu du eta Doneztebe futbol taldeak galdu egin du etxeko azken partidan

Handia egin du Sarako Izarra errugbi taldeak. Ligan doi-doi sailkatu zen lau onenen artean, gehien bat azken sei partidak segidan irabazi zituelako. Finalerdian Arrasate kanporatu zuen, bai Saran baita Arrasaten ere irabazita eta finala Betsaide-Elorrioren kontra jokatu zuen, Elorrion bertan (Bizkaia). Lehia estua izan zuten eta puntu bakarrarengatik irabaztea lortu zuten basurdeek luzapenean (15-16), Saratik autobusean hurbildutako zaleen gozamenerako. Honela, bi urtez segidan lortu du euskal liga irabaztea Sarako Izarrak.

Futbolean ez zen halako berri onik izan eta Gure Txokoako talde nagusiak Gorengoen maila galduko du. Villabonan irabaztea lortu zuen, bai, (1-2) baina Matzadan 0-2 galdu zuela kontuan hartuz, ez zuen aski izan maila mantentzeko. Doneztebe futbol taldeak, etxeko azken partida galdu zuen. Kopan, jubenil mailan Baztanek eta kadetetan Doneztebek finalerdietarako txartela lortu dute, baita Gure Txokoako infantilek ere, penaltietan.

 

FUTBOLA

Nafarroako lehen maila autonomikoa, jautsiera fasea

  • Doneztebe FT 1 (Julen Retegi) – UCD Burlades B 4

Gipuzkoako Gorengoen mailako iraupen fasean

  • Billabona 1 – Gure Txokoa 2 (Aimar Lekuona eta Andoni Telletxea) . Maila mantentzeko aukeratik gol bakarrera gelditu ziren beratarrak.

Nafarroako jubenilen kopako final laurdenak

  • CD Baztan 6 (Angel Telletxeak 2, Xuban Teletxea, Imanol Zoco, Osama El Haou eta Mikel Ariztia) – CD Azkarrena 0

Nafarroako kadeteen bigarren mailako kopako final laurdenak

  • Doneztebe FT 2 (Beñat Oiaregi eta Aitor Baraibar) – UD Mutilvera A 1
  • JD San Jorge A 3 – Aurrera 1 (Janitz Sagastibelta)

Mutiko infantilak, Gipuzkoako kopa kanporaketa

  • Intxurre 1 - Gure Txokoa 1 (Xan Villamea). Penaltietan 2-4 eta beratarrak finalerdietara.

 

ERRUGBIA

Seniorrak euskal liga lehen mailako finala

  • Betsaide Elorrio RT 15 - Sarako Izarra RT 16, saratarrek euskal liga irabazi dute bigarren urtez segidan.

Sub-18 euskal ligako finakla

  • Itsasmendi BRT 12 – Rioja RC 76

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun