Leku bisitatuenen artean daude Larhungo trena, lezeak, eliza, Ortillopitz etxea, euskal pastelaren museoa, abereen parkea… «eta mendizale aunitz etortzen dira ibilaldiak egitera». XVII. mendeko auzo, etxe eta eraikinak ere dituzte, baita eskulturak ere.
Bisita gidatuak egiten dituzte herrian ekainetik buruilera arte, astelehenetan ezkila-dorrea ezagutzeko eta asteartetan kontrabandisten bidea. Ortzegunetan azalpenak ematen dituzte Sarako kulturari eta historiari buruz, bertako produktuen bidez. «Hemengo bizimoduaren, baloreen eta hizkuntzaren transmisioaren garrantzia nabarmentzen ditugu, lehen bezala bizi gara, baserriari lotuak».
Pazkoan hasten dira bisitariak, «eta urrira arte jende aunitz etortzen da, batez ere Frantzian haurrek oporrak badituztenean». Bisitariak leku aunitzetatik joaten dira; «Paris, Marseilla, Bretainia, Madril, Galizia… Covid-19arekin hurbileko jendea etortzen zaigu gehiago». 100 bat lagunek bisitatzen dute herria egunean orain, «eta udan 300 inguruk egunean».