Urdazubiko lezeak, herriko museo eta arte erakusketa, Trikuharri parkea eta bentak dira «interes turistiko haundienak duten lekuak». Lezeak, adibidez, 35.000 pertsona inguruk bisitatzen dituzte urtean, «kopurua mugatua da, lezeak zaintzeko». Txartelen online salmenta paratu dute eta «arras ongi funtzionatzen du, jende aunitz etorri zaigu Aste Santuan». Herriko bisitariekin ere «kontent» daude eta «urte ona» espero dute, «batez ere udako oporretan».
Bentak bisitatzen dituzten «turisten %90a inguru Frantziakoak dira», baina herrira, berriz, «leku guzietatik etortzen zaizkigu, hurbilekoak baina baita Kataluniatik, Madrildik…». Ariztiaren ustez, Urdazubiren akatsik handiena «herriarena den jatetxe edo ostatu baten falta» da; «denak pribatuak direnez, jenderik ez dagoelarik ixtea erabakitzen dute eta tristea da urtarrila edo otsailean dena itxita aurkitzea».