Kultur topaketen bilan baikorra egin du Senpereko kontseiluak

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 20a, 12:00
Senpereko plazako errotan egindako kantaldia izan zen Kultur Hamabostaldiko emanaldi arrakastatsuetako bat.

Espero baino hobeki erantzun du publikoak eta datorren urtean berriz ere antolatzeko asmoa dute

Xabi Camino, herriko kontseiluko kultur saileko arduradunak, bilan baikorra egin du Kultura zure atean goiburupean egin den kultur hamabostaldiaren inguruan, jakinik lehen edizio honek ezezagun ainitz gorderik zeuzkala. Larreko kulturgunea eta herriko elkarte ainitzen aktibitateak deskubriaraztea herritarreri baitzen helburu nagusia. Espero baino hobeki erantzun du publikoak, Larrekon iragan ikuskizunek aldiro jendetza ekarri baitute.

Erran behar da, antolatutako ekitaldietan lauetatik hiru urririk zirela. Azpimarratzeko izan dira Mentalistaren ikusgarria, Zarena-Zarelako dantzak kanpoko plazan, plazako errotaren barnean egindako kantaldia, Ortzadarren tinda tailerrak, Jean Marc Dupont arraunlariaren abenturari buruzkoak eta bertze hainbat.

Herriko hamabortz elkartek parte hartu dutenez, pentsa zer dinamika sortu duen ekimen berri honek. Ororen buru, aztertu behar dituzte zer puntuek hobetze bat merezi duten eta, aldi berean, datorren urteari buruz, xedea dute egitasmoa berriz ere antolatzea. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun