Sarako Izarra errugbi taldea 1972. urtean sortu zen eta 50. urteurreneko ospakizunetan da, beraz. Maiatzaren 28an euskal ligako lehen mailako finala Elorrion (Bizkaia) jokatuz ospatuko du.
Pierrot Etxeberriak 1972an ostatua bazuen eta gazte ainitz etortzen ziren bertara. Pentsatu zuen gazte horiekin behar zuela errugbi talde bat egin. Herriko etxearekin solas egin eta horra nola sortu zen Sarako Basurde taldea. Oraiko Jean Fagoaga errebote eta igerilekuan, denbora batean Duponek bazuen soro bat eta jokatzeko moduan antolatu zuten. Nekez aritzen ziren, eremua malda baitzen, baina halere kontent ziren gazte horiek, errugbian jokatu eta elkarrekin jostetan aritzen baitziren matxaren ondotik. Egurrezko etxola bat bazuten egina beztimentak aldatzeko eta ainitzetan herriko komunetan garbitzen ziren, ostaturat joan aitzinean.
1974an herriko etxean galdera egin zuten bertze zelai bat lortzeko eta kontseiluak antolamendua egin zuen Sain Esteben familiarekin: zelaia hartu eta leizetako herriko lurretan ordaina ematea adostu zuten. Geroztik zelaia beti leku berean da, Animainean.
Errugbilariek, errugbizaleek eta lagunek batimendu ttiki bat egin zuten poliki-poliki eta herriko enpresa batek tresnak utzi zituen lanak egiteko. Herriko langileek zelaia behar bezala antolatu zuten, estolderia egin, belarra berritu… ongi aritu ziren lanean doike, zeren geroztik beti zelai bera da. Berantago herriak egin zuen orain den batimendu ederra, dutxak, gela leiho haundi bat, baita bigarren zelai bat entrenamenduendako ere eta bazterrean aparkalekua.
50 urteko historiako data seinalatuak
1976an eta 1987an hirugarren mailan txapeldun ordea izan zen Sarako Izarra, baina 1990ean ailegatu zen lehen garaipen handia: hirugarren mailan Frantziako txapeldun izan zen, Bidarteko taldearen kontra.
Orduan entrenatzailea Beñat Iraola zen eta lehendakaria Da Rocha. 1991n Cote Basque Lande txapelketa irabazi zuen. 1995ean bi titulu lortu zituen: laugarren mailan Frantziako txapeldun, Saint Andre de Roquelongue taldearen kontra baita Cote Basque Lande txapelketako txapeldun. Orduan Andre Belloc zen entrenatzailea eta lehendakaria Pierrot Etxeberria. Cote basque Lande txapelketan txapeldun orde izan da hirutan: 2003an hirugarren mailan; 2004an bigarren mailan eta 2011n laugarren mailan.
Orain euskal ligan
Oraiko lehendakaria Patxi Jauregi Basurko bere bulegoko lagunekin nahi zuten zerbait egin taldea azkartzeko. Herritar gazte ainitz gelditu ziren eta bertzeak ez ziren motibatuak eta ez ziren ados Frantziako errugbi federazioarekin. Orduan, Hego Euskal herriko federazioarekin jokatzea pentsatu eta herritar gazte ainitz berriz taldera etorri zen. 2018tik honat Euskal Herriko lehen mailan jokatzen ari dira. Iaz txapeldun izan ziren eta aurten, maiatzaren 28an ikusiko.