2022ko maiatzaren 7an, larunbata, egun berezia iraganen da Ainhize-Monjolosen joan den urtarrilean antolatu ezin izan zen Euskal Herriko Laborantza Ganbararen 17. urtebetetzea ospatuko baitute. Haatik, urtebetetze hau arrunt berezia izanen da, Mixel Berhokoirigoin pausatu zela urtebetea ere baita. «Hutsune bat utzia du, ez da dudarik, baina aitzinera segitzeko gako anitz ere eman dauzkigu», diote Euskal Herriko Laborantza Ganbaratik. Hori azpimarratu nahi dute eginen dioten omenaldiaren bitartez.
Bere biziko hainbat etapa eta laborantzan, Euskal Herrian eta munduko herritar bezala egin dituen ekarpen, ekintza eta gogoetak aipatuko dituzte irudi, idatzi eta lekuko batzuen bidez: «Omenaldi hau izan dadila, beraz, Mixel eta beste hainbestek mundu hobe bat eraikitzeko egin pausuen adierazle eta belaunaldi berrien inspiratzaile».
Egitaraua
- 10:00etan omenaldia.
- 12:30ean aperirifa.
- Ondotik, bazkari herrikoia. Menua, 25 eurotan/euskotan: Salda, Axuria kooperatibako axurkia suan errea ilarrekin; CLPB kooperatibako Ossau-Irati sormarkako gasna; herriko irinarekin egindako bizkotxa eta ogia; Irulegi sormarkako arnoa, kafea eta ondokoa. Nahi dutenek, haragirik gabeko bazkaria ukaiten ahal dute aitzinetik galdetuz gero (20 euro/eusko). Bazkarirako lekua erreserbatzea gomendatu dute, 05 59 37 18 82 telefono zenbakira deituz edo ehlgbai.org/agenda webgunean izena emanez.
- 18:00etan kontzertuak Bokale Brass Band, Kurtney Barnetx, Pelax, Fusible, Willis Drummond, DJ XA2 eta DJ Bixtük taldeekin.