Egitarau zabala prestatu dute maiatzaren 8an iraganen den Herri Urratserako

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 21a, 07:30
Herri Urratseko ordezkariak urtarrilean egin aurkezpenean.

Bi urteko geldialdiaren ondotik, bueltan da berriz Herri Urrats. Maiatzaren 8an iraganen da Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko besta haundia. Itzulera lelopean, Senpereko aintziraren inguruan egitarau zabala prestatu dute. Ikusi hemen egitaraua.

Seaskako kideek atzo aurkeztu zuten aurtengo Herri Urrats Kanbon, eta iragarri zutenez, bosgarren kolegio bat irekitzeko izanen da bildutako dirua. Ikasle kopuruaren emendatzeari erantzun nahi diote horrela eta itxura denez, Senperen eraiki nahi dute ikastetxea.

Lau gunetan banatuta, hainbat adinetako jendearentzako ekitaldiak izanen dira:

Araba gunean: Pauline & Juliete, mutxikoak, Kilimak, Albosax, Xiberoots, Asto Baba eta Trikidantz.

Lapurdi gunean: Artxeroak, bertsolariak eta Nat Whatson.

Nafarroa gunean: Laparrak, Aho zakil konekxion, Aguxtin Alkhat, Skakeitan, Des-kontrol, Willis Drummond eta Dupla.

Gipuzkoa gunean: Estitxu Robles eta dantzaz, Kautere balet, Herri Urrats kantuz, Wazza Funky family, Topa noka, Dimua dantza kolektiboa, Tristan Murgi eta Zeze.

Horrez gain, egun osoan animazioa izanen da BBandekin, Zo Zongorekin, Ratapunkekin, joaldunekin eta gaiteroekin.

Haurren txokoak, berriz, Araba eta Gipuzkoa guneetan izanen dira. Araba gunean, elikadura eskola, ETBren xokoa, jokoak eta makillajea, zurezko marrazketa tailerrak eta puzgarriak izanen dira. Gipuzkoa gunean, Kaikuren ikuskizunak eta Pontx pailazoa.

Besta eta aldarrikapena

Baina bestaz haratago, aldarrikapen eguna izatea nahi dute Herri Urrats. Eta atzoko aurkezpenean Frantziako Gobernuaren jarrera kritikatu zuten, «gure haurren hizkuntza eskubideen kontra egitea erabaki dutelako». Bide beretik, «aurtengo edizioa berezia» izanen dela adierazi zuten, «euskaraz bizitzeko eta azterketak euskaraz egin ahal izateko aldarrikapenak presente egonen direlako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun