Juan Miguel Olaizola Barberena

«Baratzean ez da presaka ibili behar eta ezin da tranparik egin»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 16a, 09:00

1975ean Baionan sortu zen Juan Miguel Olaizola Barberena. «Ttikitan Kanbon bizi ginen baina asteazken eta asteburu guzietan Zugarramurdirat etortzen ginen, hemen genituen familia eta lagunak. Eskola akitu orduko, honat etorri ginen bizitzera, aita eta amak baserri ttiki bat erosi eta konpondu zuten eta bertan bizi naiz». Ez da geldirik egoten denetakoa, eta antzerkigintzaren eta botanikaren munduan sartua dago.

Eszenatokiaren gainean

Herriko Sorgin Haizea antzerki taldean dago Olaizola. «Hasieratik gustatu zitzaidan zer egiten zuten, baina nik ez nuen horretarako balio. 2012an lagun batek, Marifak, ea taldean sartu nahi nuen galdetu zidan, Hondarribian egin behar zuten antzerki batean gizonezko bat eskas zutelako, eta animatu nintzen. Anitz maitatu nuen, aukera ederra izan zen usaian tratatzen ez nuen adin guzietako jendearekin gurutzatzeko. Aski giro ona!».

Zugarramurdiko sorginen inguruko antzezlana da Sorgin Haizea. «Hiru zatitan kontatzen dugu istorioa. Lehenbizikoan XVII. mendean hemengo gizon eta andreak nola bizi ziren erakusten dugu. Bigarren zatian inkisizioa nola ailegatu zen azaltzen dugu, akusazio, tortura eta sententziarekin. Hirugarren zatian akusazio horiek zeintzuk izan ziren erakusten dugu, inkisizioak zer kontatu zuen eta zer sinetsi eta sinetsarazi ziguten».

Hainbat lekutan izan dira antzezlana taularatzen, Euskal Herrian (Hondarribian, Gaztelugatxen, Etxalarren, Donostian…) zein kanpoan; «Madrilen, Aragoin, Katalunian… behin zati batzuk katalanez egin genituen».

Aker eta inkisidore

Kontakizuneko bi paper garrantzitsu gorpuzten ditu Olaizolak; akerra eta inkidisorea. «Kontrako bi paper dira. Inkisidorearen paperean bisaia agerian dut, mehatxuak egiten ditut eta denak nire beldur dira. Akerraren paperean bisaia tapatua dut maska baten gibelean, denek errespetatzen naute baina ez dira beldur, nire inguruan dantzatzen dute…».

«Bi paperak egitea berezia da, ona eta gaiztoa, eguraldia bezala, natura bezala eta jendea bezala. Inkisizioaren kasuan gaiztoa ez zen jendeak uste zuena, baina zer kontatzen zen… beldur naiz XXI. mendean ez ote dugun berdin segitzen, zer edo zein den ona, eta zer kontatzen diguten…».

Xaretako pastorala

Pastoral bat prestatzen ari dira Xaretan joan den urtetik. «Irailean etorri ziren Pantika Urruti errejenta eta Pintxe idazlaria, pastoral bat antolatzeko asmoarekin. Desafioak maite ditugunez, baietz erran genuen, eta lan handia baldin bada ere gogotsu ari gara, lehendabiziko aldia baita Xaretan pastoral bat egiten dela».

«Hamabortz egunetik behin» egiten dituzte mustrakak, igandetan. «Lan handia da dantzak, abestiak eta karguak ikastea, baina hantxe ibiltzen gara denak herriko frontoian, makilarekin eskuetan, jo eta jo, kantu eta kantu, izan bertset edo abesti».

Pastoralak Maddi trajeria du izena, «Pierre Lafittek aurkitu zuen bertso batean aipatzen den legenda batean oinarritua. Benito Lertxundik ere abesti bat egin zion. Maddi, oreina bilakatu zen neska». Emanaldiak urriaren 8an eta 9an egitea aurreikusi dute, «eta segur aski izanen da hirugarren bat».

Landareak afizio eta ofizio

«Etxean beti izan ditugu landareak, fruta landareak eta baratzea. Aitak afizio handia du landatu eta xertatzeko, eta pazientzia handiarekin zaindu du beti baratzea. Izan ere, baratzean ez da tarrapataka eta presaka ibili behar, eta ezin da tranparik egin; zaintzen ez baduzu, ez da ongi aterako». Baratzearen onurak argi ditu Olaizolak, «plazera izan behar du: biltzeko plazera, jateko plazera, zeonek zeozer ekoiztearen plazera…».

Landareen artean egiten du lan eta bi irratitan kolaboratzailea da, landareei buruz mintzatzen; «batean astean behin ibiltzen naiz, bertzean hilabetean behin. Biak euskaraz».

Argi du kultura zein dibulgazioa euskaraz egiteak duen garrantzia, «bada esaldi famatu bat anitz maite dudana: hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik».

Daukaguna estimatzea

Herri ttiki batean bizitzeaz pozten dela dio, «baserrian, jendeaz hurbil eta naturaz inguratua». Gaurko mundua ez du gustuko; «zenbat kalte ingurumenean eta jendearen harremanetan, beti pantailekin gaude, ondoan denari begiratu gabe, dena itxura eta gezur artifizialak. Egun hauetan ikusten dugun gerra horrekin ere, bistan da lagundu behar dugula baina bertze leku anitzetan ez da enpeinu bera paratzen; Siria, Mali, Afganistan, Palestina… Gainera, prezioak igotzen ari dira erosterako orduan baina beti apal saltzeko garaian, galdetu laborariei».

«Gauzen balioaren zentzua galdu dugu eta daukaguna estimatzen ikasi behar dugu; kultura, elkartasuna, zoriona… orduan bakarrik babestu eta mantendu ahal izanen dugulako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun