Saran eta Senperen ere Macron nagusitu da lehen itzulian

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 12a, 09:00

Igandean egin zuten Frantziako presidentetzarako bozen lehen itzulia, eta bozketan parte hartu zuten Ipar Euskal Herriko herritarrek, tartean, saratarrek eta senpertarrek. Bi herrietan Emmanuel Macron gaur egungo estatuburua nagusitu zen. Apirilaren 24an eginen dute bigarren itzulia.  Ikusi hemen emaitzak.

Saran eta Senperen ere gaur egungo Frantziako presidenteak lortu du babesik handiena: Saran bozen %  20,97 lortu du Errepublika Martxan alderdiko hautagaiak eta % 20,01koa Senperen.

Saran, Jean Lasalle Biarnoko diputatua izan da bigarren indarra bozen % 13,60 eskuratuta, eskuin muturreko Marine Le Pen (Batasun Nazionala) hirugarren (% 11,46) eta Jean-Luc Melenchon (Frantzia Intsumisoa) ezkertiarra laugarren (% 9,94).

Senperen, ordea, Le Pen izan da bigarren hautagairik bozkatuena, bozen % 15,21 eskuratu baitu. Melenchon ezkertiarra hirugarren izan da (% 12,85) eta Lassalle laugarren (% 11,39).

Bigarren itzulia apirilaren 24an izanen dute eta duela bortz urte bezala, Emmanuel Macronen eta Marine Le Penen arteko lehia izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun