2020ko irailean egun bakarrera mugatu zen 37. edizioa eta, iaz, urrian egin zuten 38. edizioa. Gaurgoitik, usaian bezala, Pazko aitzineko igandean iraganen da Sarako Idazleen Biltzarra.
Orduan, apirilaren 10ean igandean, denendako eguna izanen da eta euskarazko literaturaren erakustoki bilakatuko da Sarako kiroldegia. Gainera, Mikel Duvert eta Luzien Etxezaharreta ohoratuak izanen dira. 2019ko edizioan, pandemiaren aitzinetik egin zen azken edizio «arruntean», 125 egilek, 27 argitaletxek eta 11 elkartek hartu zuten parte eta mintzaldi eta ekitaldi artistikoez gain, haur literaturari eskainitako txokoa ere izan zen. Aurten ere, hau idazterakoan, egitaraua osorik itxi ez bada ere, gisako kopuruak espero dituzte. Aitzin horretan, Sarako Idazleen Biltzarraren biltzar nagusian izan da herriko etxeko gelan. Pandemiarengatik joan den urtean urrian egin zuten beren erakusketa, ez zuten uste baina jende aunitz ibili zen egun horietan eta kontent ziren. Kontuetan ere ados ibilki dira.
Euskaltzaindiak hiru argitalpen aurkeztuko ditu apirilaren 10ean
Alde batetik, Txomin Peillen Karrikabururen Ene bertsoen bilduma, Errimarik ez, arrazoirik ez (1951-2021), bertzetik JeanLouis Davant Iratçabalen Blanca eta Viana: Nafarroako Blanca Trajeria eta, azkenik, Jabier Kaltzakortak prestatutako Zerbitzarien idazlan hautatuak. Hiru idazleekin batera, euskaltzainburua eta Euskararen Erakunde Publikoaren ordezkaria izanen dira ekitaldian.
Apirilaren 11n, astelehena, profesionalei zuzendutako eguna izanen da.