Kultur Topaketen garaia irekiko da Senperen apirilaren 9tik 24ra

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 6a, 12:00
Korrikaren etorrerarekin abiatuko da hamabortz eguneko kulturaldi emankorra Senperen. Argazkia, 2009an Korrikaren hamaseigarren edizioa Senperetik pasatu zenean.

'Kultura zure atean' goiburupean hainbat kultur ekitaldi antolatu ditu herriko etxeak, hamabortz elkarteren laguntzaz. Apirilaren 9tik 24ra, izanen da zer ikusi belaunaldien arteko ekitaldietan, kontzertu, antzerki, erakusketa, dantza, proiekzio eta bertze sorpresa anitz. Egitaraua

Herrian bizian parte hartzen duten elkarte eta artistekin lankidetzan arituz eta haien dinamismoan oinarrituz, Senpereko herriak Kultur topaketen garaiaren lehen edizioa antolatu du. Kultura zure atean Herriko Etxearen xedea baita kultura denei idekitzea, hortarako herriko bizian parte hartzen duten elkarte eta artistekin, ekitaldi ugari eta mistoak plazaratu nahi izan dituzte lehen edizio honetan.

Hamabortz egun iraunen du eta herriko 15 elkartek parte hartuko dute:  Arbaso, Arranoen Begia, Euskal Elkargoa, Elirale Konpania, Kiribil Konpainia, Senpereko Kultura eta Ondarea, Epaulards, Kixka Theâtre, Lapurdi 1609, Lion’s Club, Ortzadarra, Urdanka, Zarena Zarelako, Zirikolatz eta Senpereko Turismo Bulegoa. Honek erakusten du, elkarte guzi hauek beren indarrak lotuz geroz ekitaldi ederrak muntatzen ahal dituztela.

Korrika larunbatean

Hasteko, apirilaren 9an, larunbatean, 22. Korrika datorrela eta 08.49an parte hartzeko aukera izanen da. Ondotik, Xan Ithourria plazan Artistak karrikan pintura lehiaketa antolatu du Ortzadarrak, 8 eta 14 urte arteko neska-mutikoei zuzendua. Igandean, 17:00etan Larrekon, Un après-midi de Foehn dantza emanaldia ikusgai izanen da. Astelehenean, apirilak 11, 14:30ean hasita eskultura tailerra izanen dute Ibarrungo Reketenian eta bertan egiten diren lanen erakusketa ekainaren 13tik 20ra ikusgai izanen da Larrekon. Apirilaren 2an, asteartean 14:30ean hasita pintura tailerra eginen dute Xan Ithourria plazan eta margolanak ikusgai izanen dira ekainaren 13tik 20ra Larrekon eginen duten erakusketan.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun