Info gida 2022

«Bertako historia, geologia eta animaliei buruzko azalpenak ematen ditugu»

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 31a, 12:00

Historiaurreak eta geologiak bat egiten dute Sarako Lezeetan. Bisita gidatuak egiten dituzte bertan, historia azalduz eta bertako animaliak aurkeztuz, euskal kultura ere presente izanik. 1858an hasi ziren lehenbiziko bisitak lezeetara, Napoleon III.a enperadoreak egin baitzuen bisita. Geroztik, Sarako herria antolatzen joan zen publikoari irekitzeko, eta 1988an gaur egun ezagutzen ditugun bisitak hasi zituzten, soinuak, argiak eta azalpenak sartuz.

«Bisitari aunitz» izaten dituzte, batez ere apiriletik urrira eta oporretan. 35 laguneko taldeekin egiten dituzte bisitak, «izan dira handiagoak ere, baina jende gutiagorekin bisitak hobetzen direla ohartu ginen». Neguan arratsaldetan irekitzen dute, 3-4 bisita egunean, baina apirilean egun osoz hasten dira, 10:00etatik 17:30era arte, eta udan ia 15 minutuero dituzte bisitak. Beharrezkoa da Internet bidez erreserba egitea bisitatu ahal izateko.

Leizeaz gain, museoa eta parkea ere badute bertan. Museoan leizean aurkitutako lanabesak eta arrastoak daude ikusgai. Parkean, berriz, Euskal Herriko megalitismoaren inguruko azalpenak ematen dituzte modu grafiko eta ikusgarrian. Gizakien aro garrantzitsua izan zen megalitismoa, aldaketa handiak egiten hasi baitziren; animaliak hazten, laborantzak landatzen, hildakoak trikuharrietan sartzen edo gorputzak erretzen eta hautsak baratzeei emateko… Jendeari aunitz gustatzen zaio, Euskal Herrian horrelako arrasto aunitz baitira baina jendeak ez daki aunitz gaiari buruz eta polita izaten da ikusteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun