Euskararen aldeko tokiko xartak izenpetu dituzte Ipar Euskal Herriko 49 herrik Europako Kontseiluko ordezkarien presentzian

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 15a, 16:00

Itsasuko herriak eta Euskal Konfederazioa elkarteak antolaturik, joan den ortziralean, martxoaren 11n, iragan zen euskararen aldeko Tokiko itunen izenpetze ekitaldia Itsasun. Lurralde hizkuntzen eta hizkuntza gutituen aldeko Eurokartako tokiko deklinabidea den Tokiko xarta hau ipar Euskal Herriko 49 herrik izenpetu dute mementoko, horien artean Azkaine, Itsasu, Sara eta Senpere.

Izenpetze ekitaldia hasi aitzin, lehen herri izenpetzaileetako ordezkariek Europako Kontseiluko Claudine Brohy Fribourg/Freiburgo Unibertsitateko hizkuntzalariarekin biltzeko parada izan zuten. Claudine Brohy Doktorea Lurralde hizkuntzen eta hizkuntza gutituen aldeko Eurokartako aditu batzordeko kide izanki Suitzaren izenean, herrietako ordezkariak puntu teknikoen inguruan aritu ziren harekin.

Trukatze horren ondotik, Mizel Hiribarren Itsasuko auzapez Jaunak hitza hartu zuen bertaratu diren guziei ongi etorria egiteko. Oroitarazi zuen Itsasuko Herriari zerrenda lehena izan zela Europako Kontseiluko ordezkariekin harremanetan sartzen, 2020ko herriko bozak aitzin, Tokiko xartari buruzko xehetasunak izateko.

Gero, Euskal Konfederazioko ordezkariak ekimenaren nondik norakoak oroitarazi zituen, baita 2021eko urte hastapenetik orain arte eraman lana ere, hots Tokiko xarta 70 bat herritan eta Euskal Elkargoko lurralde poloetan aurkeztu dutela Euskal Konfederazioak eta Itsasuko euskara batzordeko hautetsiek, herriak euskararen aldeko neurriak hautatzen laguntzeko eranskin bat landu dutela, Xartak herriko kontseiluetan bozkatzeko deliberazio modeloa proposatu dutela...

Oroitarazte horren ondotik, Claudine Brohy Europako Kontseiluko ordezkariak hitza hartu zuen oroitarazteko Tokiko xarta ezinbesteko tresna zela lurralde hizkuntzak babestu eta garatzeko. Xarta horien segipenak Europako Kontseiluarekiko lankidetza ahalbidetzen duela oroitarazi zuen eta beste Estatuetako lurralde kolektibitateak ere desmartxan sartzeko lagungarri izan daitekeela.

Hirugarren hitz hartze horren ondotik 49 herrietako auzapezak eta hautetsiak oholtzara igo ziren, talde ttikika, herriko kontseiluetan onartu Xartak bi aletan ofizialki izenpetzera. Izenpetze tarte honetan zenbait hautetsik beren lekukotasuna eman dute Xarta onartzeko herriko etxe barneko prozedura nola iragan zen jakinaraziz, adibidez.

49 Tokiko xartak izenpeturik eta prentsaren aitzinean Europako Kontseiluko ordezkariaren eskuetan utzirik, Euskal Konfederazioko ordezkariak eta Itsasuko herriko etxekoak oroitarazi zuten izenpetze ekitaldia dinamika zabalagorako abiapuntua besterik ez dela. Horrela, ipar Euskal Herriko herri guziak desmartxan sartzera gomitatu zituzten. Horrez gain, ondoko urratsak zein izanen diren oroitarazi zuten, hala nola Xarten segipenaz arduratuko den Aditu batzordearen osaketa eta ibilmoldea finkatzea. Azkenik, Euskal Elkargoari deialdia luzatu zioten, alde batetik Elkargotik ere ekimenaren promozioa egitea galdegiteko eta, bestetik, Elkargoa ere Aditu batzordeko kide izan dadin, Euskal Konfederazioa eta hautetsi taldearekin batera.

Herri izenpetzaileetako ordezkariek Claudine Brohy Fribourg/Freiburgo Unibertsitateko hizkuntzalaria eta Europako Kontseiluko hizkuntza gutituen aldeko Eurokartako aditu batzordeko kidearekin.

 

Tokiko Xarta onartu duten lehen 49 herriak

1

Ahatsa-Altzieta-Bazkazan

26

Irulegi

2

Aiherra

27

Isturitze

3

Ainhize-Monjolose

28

Itsasu

4

Aiziritze-Gamue-Zuhazti

29

Izpura

5

Aldude

30

Lakarra

6

Aloze-Ziboze-Omize Gaine

31

Lasa

7

Amenduze Unaso

32

Lekorne

8

Anhauze

33

Lekunberri

9

Arrosa

34

Lexantzü-Zunharre

10

Azkaine

35

Ligi-Atherei

11

Baigorri

36

Luhuso

12

Baiona

37

Makea

13

Banka

38

Mendibe

14

Behorlegi

39

Miarritze

15

Bidarrai

40

Ortzaize

16

Donamartiri

41

Ozaze-Zühara

17

Donapaule

42

Sara

18

Duzunaritze-Sarasketa

43

Senpere

19

Ezpeleta

44

Suhuskune

20

Gabadi

45

Uhart-Hiri

21

Gamarte

46

Urepele

22

Getaria

47

Urruña

23

Haltsu

48

Uztaritze

24

Hazparne

49

Ziburu

25

Hiriburu

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun