Azkenean, bi urteko geldialdiaren ondotik, Senpereko Trail arrakastatsua abian da, modurik azkarrenean. Lau lehiaketa aurkeztu dituzte larunbat eta igande honetan, martxoaren 12an eta 13an, iraganen diren hitzorduetara.
Larunbatean 80, 42 eta 10 kilometroko lasterketak
Larunbatean, 05:00etan abiatuko da lehen aldikoz antolatu duten Tontorrez tontor ultra trail lasterketa. 80 kilometroko proba da, 5. 600 metroko desnibelarekin. Denok ulertu dugu goi mailako lasterkariei zabaldua dela.
Geroxeago, 09:00etan, Gotorlekuen itzulia hasiko da, 42 kilometroko distantzia, 2.800 metroko desnibela eta Larhungo gotorlekuen gaindi pasako den lasterketa. Hau ere ohitura dutenei edekia da.
Berantago, 11:00etan, Ibar Run Trail lasterketak hartuko du lekukoa, 10 kilometro eta 330 metroko desnibel positiboarekin, hau amateurrendako.
Igandean Senpereko Trail
Igande goizean, 09:00etan abiatuko da Senpereko Trail ezagunaren 10.edizioa. 21 kilometro eta 1.050 metroko desnibela ditu mendi lasterkari ugari biltzen dituen probak. Oinezkoak ere ez dira ahantziak, eta bi ibilbide proposatuak dira lagunartean edo familian gozatzeko: 16 edo 9 kilometrokoak.
Negutik ateratzean lehenbiziko mendi lasterketak dira eta kirolariek azkar nahi dute hasi beren denboraldia. Hau idaztean, 2.000 kidetik goitik izena emana zuten.