Imanol Iribarren Jaurena

«Herrian pixkanaka bestetako ilusioa berreskuratzen ari dira»

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 6a, 08:00

«23 urteko mutiko lasaia, soziala, enpatikoa, kirolaria, langilea eta anbizio handikoa» da Imanol Iribarren Jaurena (Urdazubi, 1998). Bere adineko edozein gazteren «zaletasun berdintsuak» ditu; «lagunekin egotea, kirola egitea, bidaiatzea… Bereziki maite dut mendian lasterka egitea eta eskiatzea, eta arraroa emanen du, baina lana da daukadan bertze zaletasun bat. Lanean gustura bazaude, hobby bat izatera pasatzen da». Ez du denborarik galtzen, eta Urdazubiko gazteen juntan sartu da berriki, herriko hainbat kontu antolatzeko.

Lan munduan

Nafarroako Unibertsitate Publikoan Enpresa eta Administrazio Zuzendaritza ikasketak egin ditu, eta «zortea» daukala aitortu du, «etxean daukagu enpresa, Josenea. Ahal izan nuenean hasi nintzen bertan lanean; hasieran autoen garbiketak egiten, gero gasolindegian autoei gasolina ematen, ondotik administrazioan laguntzen…». Orain «denetik» egiten du; «administrazioan, gasoilaren banaketa etxeetara, mantentze-lanak eta garbiketa…». Honez gain, «gauaren munduan» lan egitea gustuko du, eta Lur aretoan ari da duela bortz urte.

Gazteen junta

Herriko bortz gaztek osatzen dute Urdazubiko gazteen junta, eta bestak eta bertzelako jardunaldiak antolatzeaz arduratzen dira; «mus txapelketak, afariak… Arras garrantzitsua da herriarendako». Estitxu, Jon eta Maddik berriki utzi egin dute eta haien partez hiru gazte sartu dira, haien artean Iribarren.

«Jon, Iban eta ni kuadrilla berekoak gara, eta bagenekien noizbait sartu beharko genuela. Hortaz, bileraren aitzineko astean solastatu ginen eta hirurak borondatez aurkeztu ginen». Orain, «Jaione Perurena, Angel Arozarena, Jon Irigoien, Iban Blanco eta ni gaude juntan. Bi urte daramatzagu Covid afera honekin eta gogotsu gaude bestaren bat ospatzeko. Gauzak ongi antolatu behar ditugu, bizi dugun egoera kontuan hartuz».

Herriko bestak hurbiltzean biltzen dira normalean, «hasieran bi astetik behin juntatzen gara gure artean gauzak solastatzeko, gero bilera bat antolatzen dugu gazteen artean ideiak entzuteko eta denon iritzia kontuan hartzeko».

Ihauterietarako prest

Otsaileko azken asteburuan ospatu ohi dituzte ihauteriak Urdazubin, «baina aurtengo kontua arraroa izan da, ez genekien seguru egin edo ez egin, eta azkenean erabaki dugu igandean Dantxarineko bentetan ibiltzea eta astelehenean etxeetan». Etxe guziei «ateak irekitzeko prest dauden galdetzea» erabaki dute, «ulerkorra da edozeinek ezetz erratea birusari beldurra diolako».

Segurtasun neurriak zehazteko beharra «arras garbi» utzi zuten bileran, «kontzienteak gara daukagun egoeraz. Igandean musukoarekin ibiliko gara eta ahalik eta denbora gutien benta bakoitzean, arriskua murrizteko». Astelehenean, berriz, «ateak irekiko dizkiguten etxeetako jabeei kanpoan ematea eskatu diegu, gehienbat haien segurtasunagatik. Denok badakigu zer egin eta zein diren hartu beharreko neurriak». Aurtengo ihauteriak «arras azkarrak» izanen dira, «etxe eta bentetan ahalik eta denbora gutien egonez arriskua aunitz murriztuko baitugu».

«Geroz eta gehiago» ikusten du Iribarrenek ilusioa herrian. «Normala da hasieran jendeak beldurra izatea, eta bi urteko geldialdi honetara nolabait moldatu gara, baina asteburuetan herrikoen artean geroz eta jende gehiago elkartzen gara. Ez kuadrillakoak bakarrik, adin guztietakoak elkartzen gara ostatuan eta herrian pixkanaka bestetako ilusio hori hartzen ari dira. Hori izan zen juntan sartzeko motibazioetako bat».

Etorkizunera begira

Aurten jarduera gehiago antolatzeko asmoa dute, «eta nolabait berritasunak sartu nahi ditugu. Bileretan nabari da gauza gehiago antolatzeko asmoa dugula eta ikusiko da nola joanen diren gauzak».

Berari dagokionez, «ikasteko aunitz» du oraino, eta «enpresako gauzak gutinaka ikasten joateko» asmoa du, «bai nire gurasoengandik bai eta enpresako langile guztiengandik ere».

Epe luzera, aldiz, ideiak garbi ditu; «aunitz gustatuko litzaidake etxe propioa edukitzea eta familia bat sortzea. Enpresa handiagoa egiteko asmoa eta gogoa dut, baina badakit ez dela lan erraza izanen». Gainera, proiektu berri batean ari da lanean, «ea laster dena ongi bideratu eta aitzinera eramatea lortzen dugun».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun