Mozioan erraiten denez, «azken urteetan migrazio fenomeno bat ageri da Europan, eta Euskal Herria oinarrizko pasabide bihurtu da Europa hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duten errefuxiatuentzat». Migratzaileek egin behar duten bide horretan «tortura, bortxaketak, lapurretak, bahiketak zein espetxeratzeak» pairatzen dituztela dio mozioak, eta horren aitzinean estatuen jarrera mugak filtratzea dela «polizia kopurua emendatuz zein herritarren joan-etorriak kontrolatuz».
«Azken asteetan maleruski ikusi dugu zonbait iheslarik haien bizitza galdu dutela gure herrietan, bideetan, gure etxeetatik hurbil. Erakunde publiko eta humanista bezala heriotza horien aitzinean ez gira isilik eta geldirik egoten ahal», azpimarratu dute.
Krisi humanitario horren aitzinean, Sarako herriak gizakiaren duintasun errespetua oinarrizko balorea duelako eta historian lehendik elkartasunez ekin duelako, Herriko Etxeak dituen ahalmen materialak eta logistikoak plantan ezarriko ditu arriskuan direnei larrialdiko laguntza eskaintzeko. Aldi berean, herritarrei elkartasunerako deia egin die eramanen diren ekimenekin bat egiteko.