Etxez etxeko eskea eginen dute Urdazubiko ihauterietan

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 25a, 11:00
Astelehenean ere auzoz auzo ibiliko dira gazteak.

Aurtengo ihauteri bereziak antolatzeko hainbat bilera egin dituzte gazteek

2020ko azken ihauterien ondotik, joan den urteko geldialdia etorri zen Urdazubin ere. Baina aurten gazteak prest dira ihauteriak ospatzeko, «inoiz baino gogo gehiagorekin». Aurtengo ihauteri bereziak antolatzeko hainbat bilera egin dituzte gazteek. 

Bentetan eta auzoz auzo igandean eta astelehenean

Dantxarineko itzulia eta etxez etxeko eskea berreskuratuko dituzte aurten. Hala, igande honetan, otsailaren 27an, 09:00etan mozorroak jantzi, soziedadean gosaldu eta Dantxarinean barna bentaz benta ibiliko dira gazteak eskean, Beñat Mitxelena akordeoilaria lagun dutela. Gero, Landibar eta herriko etxeak eginen dituzte. Indiano-Baitan eta dantzaldia izanen dute.

Hilaren 28an, astelehenean, 09:00etan kafea hartu eta etxez etxe ibiliko dira Telleria, Iribere, Leorlas, Alkerdi eta Larrainta auzoetan. Kasu honetan, inauterietako ohiko jantziekin joanen dira. Gero herrira jautsi eta pintxoekin afaria eta dantzaldia izanen dute Montxon.

Etxez etxeko eskean gazteak ibiliko badira ere herriko jendea ere gonbidatu nahi dute dantzaldietan parte hartzera.

Gurasoek antolatuta, astelehen eta asteartean haurrak ere ibiliko dira etxez etxeko eskean.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun