Urte hasieratik Arrangoitzeko Jose Cazaubon da herriko etxeko kultur, animazio eta hizkuntza politika karguduna. Momentuko denbora erdiz ari da, baina martxotik landa denbora osoz ariko da herriko etxean.
Kultura munduarekin lotura handia duzu… Zertan aritua zara?
Hogei urtez dantzaz bizi izan naiz (EDBko langilea hiru urtez, dantzari intermitentea hamaika urtez, azken urteak autonomo bezala). Dantza herrikoia erakutsi dut taldetan eta eskoletan, sorkuntzak, ZpeizMukaki taldeko sortzaileetarikoa, dantzaldiak, pastorala, maskaradak… hainbat dantza esparrutan lanean aritu izan naiz. Baina herriko besta komitean ere ibilia naiz, gaztetxetan, EHZ festibaleko arduraduna izan naiz zortzi urtez, Hats Berri kultur elkarteko lehendakari ordea, Usopop festibalaren laguntzaile…
Eta orain Sarako herriko etxeko kultura, animazio eta hizkuntza politika karguduna…
Urtarrilaren 3an hasi nintzen Sarako herriko etxearentzat, hasieran denbora erdiz oraindik dantza inguruan lana dudalako, martxoan hasiko naiz denbora osoz. Lanpostu berri bat da eta hasiera dinamikoa izan da. Lankideak bikainak dira eta harrera ederra egin didate.
Zein dira zure betebehar edo lanik handienak?
Euskara teknikari bezala, euskararen presentzia segurtatzea eta azkartzea nahi nuke Sarako herrian. Elkarteek animazioak/tailerrak/kurtsoak prestatzeko behar dituzten medioak kudeatuko ditut: gelak erreserbatu, bideak autoei itxi, materiala eskaera, komunikazioa, edari salmenta eskaera… koordinaketa lana eginen dut. Sarako animazio batzuk ere antolatu ditut (Merkatua, liburu biltzarra, kontrabandisten eguna…) eta sentsibilizazio lana, bereziki haurrei begira (Sarako ondareari buruz, pilota, ihizia…) baita prebentzio lana ere.
Nola ikusten duzu Sarako kultur egoera? Nahikoa kultur egitarau zabala bada zure ustez? Hutsuneren bat ikusten duzu? Posible balitz, zer gustatuko litzaizuke gehitzea?
Sarako biziari lotuak diren arlo ainitzetan murgilduak dauden saratar belaunaldi guziekin harremanetan naiz. Covida dela eta moldatu izan behar dugu zonbait alditan… adibidez bazkariak adineko pertsonen etxera eraman izan behar ditut, esperientzia polita! Bere kulturaz aberatsa da herria. Saran gauza ainitz bada: nortasuna, ohitura zaharrak (pilota, ihizia, dantza…), laborantza, historia aberatsa, kontrabanda, lezeak, Larrun, euskara bizia,… segurtatu behar dugu altxor hori belaunaldi gazteari transmititzea.
Zein da zure helburu edo erronka nagusia?
Saran euskaraz bizi ahal izaitea. Saratarrak biziaren aktore izaten segitzea eta ez kontsumitzaile.