Lehenbiziko saiakeran nehork hartu ez zuenez, Zugarramurdiko Herriko Etxea berritzeko lanen bigarren eskaintza egin zen, aldi honetan 722.885 euroko hasierako prezioan (gan den abuztuan atera zenean 491.000 eurotan eskaini zuten). Aldi honetan izan dira lana hartzeko prest dauden kontratistak eta Bengotxea eraikuntza enpresak hartu du lana, hori baik prezio apalago batean: 690.000 euro gutti goiti beheiti.
Bertze bi kontratista gehiago aurkeztu direnez, orain alegazio epe bat edeki da, baina ez bada deus makurrik gertatzen, lanean hasi eta heldu den urteko udarako (2023) finitzea espero dute.
Lan handia eginen da, guzti-guztia berrituko delako: azpiko solairuan sukaldea, ostatua eta jatetxea eginen dituzte. Lehenbiziko solairuaren erdia ere jatetxea izanen da, eta bertze erdia udaleko bulegoak jartzeko egokituko dute. Bigarren solairuaren erdia bizitegia izanen da, eta bertze erdia erabilera anitzeko tokia. Teilatua konponduko dute eta igogailua ere paratuko dute.