Senpereko kirol munduaren berri eman dute SPUC aldizkarian

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 9a, 12:00

Martxoaren 13rako antolatu dute Senpereko Trail famatua. Argazkia 2018koa da.

Zazpi sekzioek egiten dituzten aktibitateak plazaratzen dituzte urtekarian, ongi ilustraturik

Egun hauetan Senperen etxez-etxe ibili da SPUC Kirolak batasuneko kide andana, beren urteko aldizkaria eta egutegien banatzen. Aipatzekoa da liburuxka honen egiteko zer lana daramaten, hemen zehazki zazpi sekzioek egiten dituzten aktibitateak plazaratuak dira, ongi ilustraturik. Omenduak izan dira, joan diren bi kide, elkartearen zutabe izan direnak urtez-urte.

Christian Bonnehonek 22 urte eman ditu elkartearen zerbitzari, bereziki eskubaloia kudeatuz. Michel Pomadere Pompom gizon alai maitagarri honek, hastapenetik lanari lotu da, Spuc Kirolaren lehendakaritza eraman du 1995ere arte eta ondotik errugbiarena hainbat urtez. Txeutx Etxeberri eta Benat Jorajuria, elkartearen zuzendari bikoteak adierazi duenez, «aktibitaterik gabeko garai luze honen ondotik, espero dugu gure buruzagiek, gure hezitzaileek, gure jokalariek, berriz atxemanen dutela motibazioa lehiaketen bidera heltzeko eta denek lagun arteko momentu goxoen pasatzeko kirolaren inguruan».

Dominique Idiart auzapezak eskertu ditu arduradun guziak eta azpimarratu ere krisi horrek erakutsi duela batez ere kolektiboaren garrantzia, baita nola kirol kluba eta ekitaldiek animatzen duten herriaren bizitza ere. Bertze baterako utziko ditugu sail bakoitzeko aktibitateen azterketa. Aldiz, gaurdanik nota zuen egutegietan Senpereko Trail famatua martxoaren 13an iraganen dela. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun