Herri Urrats maiatzaren 8an itzuliko da Senperera

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 25a, 12:30

Seaskako ordezkariak eta Amaia Ampo ikaslea, logoaren eta lemaren sortzailea. Argazkia: Herri Urrats

Bi urtez egin ezinik pasatu ondotik, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko Herri Urrats maiatzaren 8an ospatuko dute Senpere aintzira inguruan, Itzulera leloaarekin. Bosgarren kolegioa Senperen eraikitzeko lagungarri izanen dela aipatu du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak Kanbon egindako aurkezpenean.

2022ko Herri Urratsen logoaren eta leloaren sortzailea Amaia Ampo da, Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko ikaslea. Bera ere aurkezpen ekitaldian izan da. Kantua, berriz, Zetak taldeak sortuko du eta udaberrirako entzuteko moduan izanen dela jakinarazi duten antolatzaileek.

Azterketak euskaraz egitearen harira, errektorearen erantzuna otsailaren 4rako espero dute. Egun horretan, 16:30ean, Baionan eginen den giza katean parte hartzera deitu dute, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun